Urdulizko EAJk plangintza falta egotzi die EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi

Laura Fontalba Colomo

Aita Gotzon eta Goieta kaleen arteko bidegurutzean jarritako manpara gaitzetsi dute. © EAJ URDULIZ

EAJk koordinazio faltaz hartutako hainbat erabaki kritikatu ditu, eta diru publikoaren erabileran "aurreikuspen, segurtasun eta erantzukizun" handiagoa eskatu die EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi. 

Azkenaldian egindako jarduketak direla eta, EAJk udal baliabideen kudeaketa "arduratsuagoa" eskatu die bi talde politikoei. Izan ere, talde jeltzaleak euren aldetik plangintza eta koordinazio falta dagoela salatu du. 

Zehazki, EAJk salatzen dituen erabakiak Aita Gotzon eta Goieta kaleen arteko bidegurutzean manparak jarri eta kentzea, aurreikusitako obra batzuen ondoren paperontziak lekuz aldatzea, eta, ondoren, kokalekua berriz aztertu behar den banku bat jartzea dira. Izan ere, azaldu duenez, bere garaian Aita Gotzon eta Goieta kaleen arteko bidegurutzean jarritako manparen kokapenagaz desadostasuna erakutsi zuten, oinezkoen eta gidarien ikuspena murrizten zutelako eta bide-segurtasunean eragina izan zezaketelako; baina, horrez gain, Udalak manparak jarri zituela eta, azkenean, manparak berriz ere kendu behar izan zituela gogoarazi du.

Orain, erabaki horien harira, azalpenak eskatu dituzte, EAJren ustez, arazoa ez delako "jarduketa jakin baten kostua" bakarrik, baizik eta "ikuspegi orokorraren falta". "Lehenengo manparak jartzen dira, ondoren espazioa berrantolatzera behartzen duten obrak egiten dira, eta azkenean manparak kendu behar dira. Hasieratik plangintza egokia egin izan balitz, aldaketa horiek eta gastu hori saihestu zitezkeen", azaldu dute.

Gainera, manparak kendu ondoren, EAJk Udalak inguru horretan banku bat ere jarri duela salatu du; eta haren kokapena, berriz ere, oinezkoen eta ibilgailuen ikuspena eta segurtasuna arriskuan jartzen dituen aztertu barik. Hori dela eta, Udal Gobernuari espazio publikoari "eragiten dioten jarduketen arteko koordinazioa hobetzeko, eta obrak zein ondorengo hiri-altzarien instalazioa modu bateratuan planifikatzeko" eskatu diote. "Udal kutxako euro bakoitzak benetako behar bati eta plangintza arduratsu bati erantzun behar dio", gaineratu dute jeltzaleek, zera gehituz: "Ondo kudeatzea aurreikustea, koordinatzea eta hasieratik Urdulizerako irtenbide seguru, erabilgarri eta iraunkorrak bilatzea da". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun