"Urduliz Hazka eta Irabazi 2026" kanpainak tokiko ekonomia sustatuko du berriz

Laura Fontalba Colomo

Txartelak urriaren 15etik azaroaren 7ra bitartean eskuratu ahal izango dira. © URDULIZKO UDALA

Urdulizko Udalak eta Merkatarien Elkarteak tokiko ekonomia sustatzeko kanpainaren edizio berri bat abiatu dute. Parte hartzeko, herritarrek 10 euroko bonu saridunak lortzeko aukera izango dute urriaren 15etik azaroaren 7ra bitartean.

Aurten ere, Urdulizko Udalak, Urdulizko Merkatarien Elkartearekin elkarlanean, "Urduliz hazka eta irabazi 2026" sustapen-kanpainaren edizio berria martxan jarriko du. Helburua udalerriko ekonomia suspertzea eta tokiko merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzuen sektoreetan zuzeneko kontsumoa sustatzea da.

Kanpaina urriaren 15ean hasi zen ofizialki, eta, horren bidez, milaka "Hazka eta Irabazi" txartel banatuko dituzte atxikitako establezimenduen artean. Udalaren arabera, sarietarako guztira 5.900 euroko aurrekontua bideratu dute, bi fasetan banatuta. Lehenengo fasean, 5.000 euro banatuko dituzte zuzeneko sarietan: "Hazka eta irabazi" txartelen bidez, 10 euroko bonu saridunak banatuko dira. Udalak dioenez, bezeroek bonu horiek metatu eta parte hartzen duten establezimenduetan egindako erosketen zenbatekotik zuzenean deskontatu ahal izango dituzte.

Bigarrena fasean, berriz, 900 euroko amaierako zozketa handia egingo dute. "Zuzeneko saririk lortzen ez dutenak ez dira esku hutsik geratuko", azpimarratu du Udalak; izan ere, saritu gabeko txartelen atzealdea bete eta Urdulizko Kultur Etxean horretarako jarritako zozketa-ontzian utzi ahal izango dute. Horren bidez, 100 euroko bederatzi banakako sariren zozketan parte hartu dezakete; eta sari horiek herriko saltoki jakin batzuetan erabiltzeko izango direla zehaztu du Udalak. 

Txartelak urriaren 15etik azaroaren 7ra bitartean eskuratu ahal izango dira, edo agortu arte, atxikitako establezimenduetan edozein erosketa eginez. Saridun suertatzen diren 10 euroko bonuak urriaren 15etik azaroaren 30era bitartean erabili ahal izango dira, eta zozketan parte hartzeko epea abenduaren 1era arte izango da. Zozketa publikoa abenduaren 2an egingo dute, Kultur Etxean.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun