'Urdulizko lanbideen sidurriak batzen' dokumentala aurkeztuko dute Kultur Etxean

Laura Fontalba Colomo

Urriaren 23an, Urdulizko Kultur Etxeak Urdulizko lanbideen sidurriak batzen dokumentala hartuko du.

Bihar, urriaren 23an, 18:00etan, Urdulizko Udalak, Labayru Fundazioaren laguntzagaz, Urdulizko lanbideen sidurriak batzen dokumentala aurkeztuko du Urdulizko Kultur Etxean. Ekitaldia Ondarearen Europako Jardunaldien egitarauaren barruan egingo dute.

Udalak aurreratu duenez, dokumentalean Urdulizko herritarrek euren eta euren aurrekoen lanbideen berri ematen dute: baserriari lotutako lanak, artisau-sare zabala –errotariak, errementariak, uztarginak, otzaragileak, arotzak, kareginak...–, 1960ko hamarkadako industrializazioak ekarritako ekonomia mistoa eta merkataritza txikiaren garapena eta hedapena, besteak beste.

Ildo horretan, dokumentalaren ardatz nagusia herriko ondare immateriala da. Labayru Fundazioaren esanetan, "atzoko lanbideen aztarnak eta oihartzuna oraindik ere bizirik daude Urdulizko kale-izenetan, toponimian eta familia askoren oroitzapenetan". 

Ondarearen Europako Jardunaldien esparruan kokatuta, dokumentala herriko memoria kolektiboa jasotzeko eta belaunaldi berriei iraganeko bizimoduaren aberastasuna transmititzeko asmoz sortu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun