Izendapen horri esker, hiru urteko ekintza-plan berezia aplikatzeko aukera izango dute, eta sustapen berriak, etxebizitza hutsak mobilizatzea, birgaitzea eta alokairurako laguntzak aurreikusi dituzte. Izan ere, hasteko, Urdulizen gizarte-babeseko 386 etxebizitza eta 50 etxebizitza tasatu inguru, guztira 436, egin litezkeela aurreikusten du planak.
Udalak azaldu duenez, 2018tik 2023ra, alokairuaren hileko batez besteko prezioa % 19,6 igo zen, 716,3 eurotik 856,9 eurora. Hori dela eta, Etxebizitza Eskubideari buruzko 12/2023 Legean ezarritako irizpidea betetzen du. Legearen arabera, erosketa- edo alokairu-prezioen igoerak autonomia-erkidegoko KPIaren bost urteko bilakaera metatua gutxienez hiru puntu portzentualetan gainditzen duenean, udalerria tentsionatutako eremu izendatu daiteke.
Planaren arabera, Urdulizek alternatiba berriak ere aurreikusi ditu. 2024ko UDALPLANen datuen arabera, 1.019 etxebizitza egiteko bizitegi-ahalmena du, baina horrek ez du esan nahi etxebizitza horiek guztiak egingo direnik. Konkretuki, gizarte-babeseko 386 etxebizitza eta 50 etxebizitza tasatu inguru egin litezkeela aurreikusi du.
Gainera, hirurtekoan etxebizitza babestuen eskaintza handitzeko, Udalak Atzeragaine eta Torrebarri eremuetako bi lurzati Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari lagatzeko aukera aztertuko du. Horietan zenbat etxebizitza egin ahal izango diren oraindik ez dago zehaztuta; bideragarritasun-azterketen araberakoa izango da.
Bestalde, planak bizitegi-parkearen okupazio-maila ezagutzeko azterketa bat egitea ere proposatzen du, eta, horren emaitzetan oinarrituta, "zenbait neurri aintzat hartzea, hala nola hutsik dagoen etxebizitzaren kanona aplikatzea edo OHZren errekargua handitzea". Era berean, etxebizitza hutsak alokairura ateratzeko Eusko Jaurlaritzaren Bizigune eta ASAP programetan parte hartzen duten jabeei hobari fiskal handiagoak ematea ere aztertuko dute.
Birgaitzeak, etxebizitza hutsak eta alokairurako laguntzak
Gainera, etxebizitzen eta eraikinen "bizigarritasuna, irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna" hobetzeko Eusko Jaurlaritzaren laguntzak sustatzea ere proposatzen dute. Halaber, Urdulizen erregistratutako erabilera turistikoko 14 etxebizitzen bilakaeran jarraipena egitea aurreikusten du eta, kopurua handitzeak ohiko etxebizitzaren eskuragarritasuna arriskuan jarriko balu, ordenantza berezi bat egitea aztertzea proposatzen du.
Azkenik, Gaztelagun eta Emantzipa programak gehiago ezagutaraztea, etxebizitzarako eskubide subjektiboari lotutako prestazioen berri ematea eta gizarte-larrialdietarako laguntzak mantentzea jasotzen du planak.