Udalak Urdulizko katu-kolonien ongizatea bermatzeko herritar guztien lankidetza behar duela gogoarazi du. Horretarako, gomendio batzuk aurkeztu ditu. Lehenik, abiadura-mugak errespetatzea eskatu du, batez ere katu-koloniak dauden eremuetan. "Abiadura murrizteak bizitzak salba ditzake", berretsi du.
Bestalde, katu-koloniak kontrolpean izateko asmoz, Katuen Lagunak elkarteak Urdulizko Udalagaz elkarlanean dihardu CER metodoa –harrapaketa, esterilizazioa eta itzulera– aplikatzeko. Metodo horri esker, katu-koloniak modu "etiko" eta "arduratsuan" kontrolatu ditzakete.
Ildo horretan, katu-kolonien guneak errespetatzeko deia egin du, katuak ingurune "lasai" eta "seguru" batean egon daitezen. Horren harira, herritarrei katuak euren kabuz ez elikatzeko ere eskatu die. Izan ere, badaude katuak elikatzeaz arduratzen diren pertsonak, eta horiek Udalak emandako txartel ofiziala dute, lan hori modu "antolatu" eta "arduratsuan" egin ahal izateko.
Gainera, elkarteak erreskatatutako kumaldietako katakumeentzat eta familia bat behar duten katu helduentzat adopzio arduratsuko familiak bilatzen ere laguntzen du. Beraz, Udalak herritarrak katu horiei "bigarren aukera bat" ematera animatu ditu.