Dozenaka lagun batu da bart Algortan Hiruka astekaria eta orainkari digitalari ongi etorri emateko. Ekin tabernan Irantzu Sagarminaga Hirukako zuzendariak eta Ziortza Merino Hiruka kooperatibako kudeatzaileak gidatutako jendaurreko aurkezpenean, euskaltzaleek labetik irten berri den aldizkariaren lehenengo zenbakia gozatu eta goitik behera aztertu dute, gai hurbilak, argazki ikusgarriak, ezustekoak eta diseinu erakargarria azpimarratuz. Era berean, sareko eskaintza ikusteko aukera izan dute eta baita komunitateko kide bilakatzeko egin behar dena ezagutzeko ere. Besteak beste, ekitaldian izan dira Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidentea, Mikel Irizar Topaguneko lehendakari ohia, Jone Uria bertsolaria, eta Bittor Egurrola kantautorea eta "Bizarra Lepoan" eta "UK" aldizkarien sustatzailea. Haiekin batera, unea gozatu dute eskualdeko euskara elkarteetako zenbait kidek, sindikalistak, unibertsitate eta euskaltegietako irakaslek, bertsolarik, kirolarik, kulturgilek eta bestelako jende xeheak. Paul Bilbao pozik agertu da Uribe Kostak pairatzen duen egoera soziolinguistikoan Hiruka "arnasgune moduko bat" delako eta "euskaraz bizi nahi dugunontzat tresna interesgarri eta baliotsua dugulako esku artean".
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!