Ahots finak eta lirainak izango dira batzuk; ez hain gozoak besteak. Baina, guztiak arituko dira lurra esnarazi guran, Agate Deunaren bezperan. Kontuak hala, goiz-eguerdian ikastetxeetatik aterako dira gaztetxoenak, haiek baino makila luzeagoak eskuan! Arratsaldean, berriz, lehiaketari edo hitzartutako dietari jarraituz abestuko dute hainbat herritan, berbarako Sopela, Getxo eta Leioan.
Getxo
Aurten Agate Deuna Koru Jaialdiaren 28. urteurrena izango da eta, guztira, 40 talde ibiliko dira tradiziozko kantak kaleetan abesten. Goizez zein arratsaldez jardungo dute, bi gunetan: lehenengoan, Itzubaltzeta / Romo eta Areeta auzoetan; eta bigarrenean, Algortan eta Getxon. Kultur Etxetik adierazi duenez, udalerri osoan gozatu ahal izango da Santagedako koplakaz.
Lehenengo guneko taldeak Xake plazan batuko dira 20:00etan, guztien artean emanaldia eskaintzeko. Bigarren gunekoek beste horrenbeste egingo dute Telletxe plazan.
Leioa
26 urte beteko ditu aurten Santagedako Kanten Lehiaketak. Ohi den legez, 16 urtetik beherakoak goiz zein arratsaldez arituko dira; eta hortik gorakoak arratsalde-gau partean. Besteak beste, bost jarduketa gune jarri dituzte: Lamiako, Pinueta, erdigunea, San Bartolome eta Udondo. Otsailaren 7an, zapatua, banatuko dituzte sariak, 12:00etan, Kultur Leioan.
Sopela
Sopelako Udalak ere kalez kale kantuan ibiltzera deitu ditu herritarrak ohitura zahar hori galdu ez dadin. Aurten, bigarrenez, lehiaketa izango da. Taldeek halabeharrez agertu beharko dute ondoko lekuetan: Urgitxieta plaza, 12:00etan; udaletxeko plaza, 18:00etan.
Erandio
Altzaga ikastolako ikasleak zein gurasoak eta Kantagunea 18:00etatik aurrera ibiliko dira Altzagan barrena. Musika Eskolako lagunek, Abots Alai Abesbatzek, Trabudu Dantzari Taldeek eta Iparraize Txistulari Taldeek ordu berean daukate hitzordua Astrabuduan.
Berango
Herriko eskolako umeak udaletxera joango dira abestera eta gozokiak jasotzera, 11:00ak aldera.