HIRUKA bertsotan

Agurrak

Iker Rincon Moreno 2015ko urt. 30a, 19:29

Agur bi helarazi gura dizkizugu, irakurle. Asmo ezbedinez sortutako agur bi; agurrak biak: oro har ibilbidearen atzera begirakoa bata, ondo etorria bestea; Xabi Payak BIZARRA LEPOAN ETA UK-ri eskainitako bertso-sorta lehenengoa (UK-ko azken zenbakian argitaratua; oraingoan musikagaz!), eta Jone Uriak HIRUKAri (aurkezpen-ekitaldian) eskainitakoa bigarrena. Eskerrik asko, biei! Eta, zuk irakurle, gozatu!

Bertsoak entzuteko, sakatu loturetan.

Bertsoak irakurtzeko, hona: 

1)

Getxon bizarra lepoan zuen

aberats eta eskale

oro izaten omen zen lehen

besteei kalte egin zale,

baina esana izendaturik

geroaren begirale,

aldizkari bat sortu zen eta

testuz testu, alez ale

esaeraren fede okerrak

gurean egin du kale

eta bizarra lepoan gaur da

jende onaren seinale.

 

2)

Txapel beltzeko getxoztar haren

lepoko bizarrak zuri

ez zeuden, baina jada baziren

asmo berrien akuri:

zertan aipatu soilik Algorta,

Erromo edo Neguri?

Ezinezkoa ematen zuen

idazki eta irudi

bilakatzea hain udalerri

ezberdinentzako zubi!

Ezinezkoa ematen zuen...

ukaezina dirudi.

 

 

3)

Ezerezetik aldizkarira,

Getxotik eskualdera,

hilabetetik astebetera,

bakarretik anitzera.

Orain hiruka sortuko denez

gogobeterik, gainera,

uribekostar estimatua,

gorabeherak gorabehera,

arren ez ahaztu bere ekinak

jarraitu dezan aurrera

funtsezkoena dela beti zuk

betetzen duzun papera.

 

Xabier Paya Ruiz.

2014ko abendua.

 

 

 

 

 

Triangelu batek bere

hiru erpinak ditu-ta,

HIRUKAk ere baditu,

hiru ertz ta hiru punta.

Sarri zuzen, noizbait kamuts,

behar denean zorroztuta;

informaziorik ezin

daitekeelako ezkuta!

Guri hori eskaintzeko

gogotsu dator HIRUKA;

uribekostarrok, beraz,

ezin dezakegu uka

egongo garela behar

bezala informatuta!

                        Jone Uria Albizuri.

Algorta, 2015eko urtarrilak 22

Erlazionatuak

BL UK HIRUKA. Xabi Paya. 2014ko abendua

Iker Rincon Moreno 2015 urt 30 Uribe Kosta

HIRUKAri bertsoa. Jone Uria. 2015-01-22

Iker Rincon Moreno 2015 urt 30 Uribe Kosta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun