Burkina Faso: zero tolerantziarantz emakumezkoen ebaketa genitalean

Ander Zarraga 2015ko ots. 6a, 11:38

Burkina Fasoko emakumeak

Otsailaren 6a da gaur, emakumezkoen ebaketa genitalaren aurkako Nazioarteko Eguna. Emakumezkoen ebaketa genitalak, nesken eta emakumeen oinarrizko giza eskubideak urratzen ditu, eta horrela dago jasota nazioarteko legedian eta Giza Eskubideen Afrikako Gutunean, baita eszisio horiek egiten diren herrialde askotako legedietan ere. Halaz ere, uste da munduan badirela 135 milioi neska eta emakume, Afrika eta Asiako 28 herrialde eta gehiagotan errotuta dagoen praktika horren biktima, eta beste herrialde batzuetara zabaltzen ari da, Espainia barne.

Ebaketa genitalak beti kaltetzen ditu nesken eta emakumeen osasun fisiko eta psikikoa. Bizia gal daiteke egiterakoan, eta sortzen dituen konplikazioek hiltzeko arriskuak handitzen dituzte erditzerakoan edo eta bizitza osorako ondorio larriak eragiten (fistula obstetrikoa, infekzio kronikoak...). Eszizio genitalak ez ditu neska eta emakumeak soilik kaltetzen; Afrikako hainbat herrialdetan Munduko Osasun Erakundeak egindako ikerketa batek dio, ama mutilatuen haur jaio berriak errazago hiltzen direla eta suspertzeko laguntza handiagoa behar dutela.


Emakumezkoen ebaketa genitala ezabatzeko, mundu mailan bultzaturiko ahaleginen alde Nazio Batuen Batzar Orokorrak 2012ko abenduaren 20an onartutako Ebazpenaren eragileetako bat dugu Burkina Faso. Ekimen hau bat dator herrialde honek azken 20 urteotan klitoriren ebaketagaz amaitzeko egin duen lanarekin: 1991n, Burkina Fasok Konstituzioa aldatu zuen Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalagaz egokitzeko, eta pertsonen arteko berdintasuna bermatzeko, inolako diskriminazio barik. 1996tik berariazko legedia dute praktika hori zigortzeko, eta zigor larriagoak osasungintzako langileentzat eta ebaketa genitalaren praktikagaz konplize direnentzat. Burkina Fasok giza eskubideen arloko eta emakumezkoen klitoriren eszisioaren aurkako nazioarteko eta inguruko herrialdeetako itun guztiak sinatu ditu, eta beste herrialde batzuekaz batera Afrikako Batasunari eskatu dio praktika hori erabat debekatzeko. Berritan, Nazio Batuen laguntzagaz, Burkina Fasok Ekintza Plan Nazional bat landu du ebaketa genitalaren amaiera lortzeko, zero tolerantzia politika baten barruan.


Burkina Fasoko gobernuak nazioarteko hainbat erakunderen laguntzagaz 2010ean egindako osasun eta demografia inkesta batean, elkarrizketatutako emakumeen %70k onartzen zuen ablazioa jasan izana. Halabaina, inkestan alde handia zegoen generazioen artean: 45-49 urteko emakumeen %89 mutilatua zegoen, baina 5-19 urte arteko neska eta gazteen artean %58 ziren. Alde honek adierazten du azken urteotan emakume eta neska mutilatuen kopurua beherantz ari dela egiten.


Burkina Fason, eta emakumezkoen ebaketa genitala egiten den gainontzeko afrikar herrialdeetan, ebaketak ez ditu emakume guztiak berdin jotzen: etnia jakin batzuetan arriskua handiagoa da, Mossien artean adibidez, edo landa giroan bizi direnentzat, edo amaren heziketa maila apalagoa denean. Erlijio bakar batek ere ez du onartzen ebaketa genitala egitea, baina familia musulmanetan errotuagoa dago (%80) katoliko edo protestanteen artean baino (%60).


Horretaz, legez debekatuta egon arren, eta herrialdean praktika horren aurkako eginahalak eginagatik ere, zergatik egiten da oraindik? Ebaketa genitala oso errotuta dago Burkinako gizartearen kulturan, uste baita ezkontzea errazten duela eta emakumearen estatusa hobetzen duela; hain zuzen, ebaketa genital goiztiarrak neska eta emakume gazteen sexualitatea kontrolatu nahi du, eta kastitatea eta birjintasuna zaindu ezkontza bitarte, eta horrela emazteak ez dira promiskuoak izango, duinak eta fidelak baino. Badira beste uste batzuk, hala nola emakumezkoen ebaketa genitalak norbere higienea zaintzen eta hobetzen duela, klitoria gizonezkoen organoa dela eta haur jaio berriari kalte egin diezaiokeela erditze unean, eta abar. Baina nagusiki gizartearen presioak eta tradizioak bete beharrak iraunarazten ditu halako jarduera erabat kaltegarriak nesken eta emakumeen osasunarentzat.


Medicus Mundi 1975. urtetik aurrera dabil Burkina Fason, osasun lankidetzako egitasmo eta programakaz, bereziki herrialdeko nesken eta emakumeen osasuna hobetzeko lanean, Osasun Ministerioaren Ugalketa Osasun estrategian laguntzen, eta amen hilkortasunaren eta emakumezkoen ebaketa genitalaren aurkako lanean. Azken atal horretan, Medicus Mundiren lana izan da “Eszisioaren Praktikaren aurkako Borrokarako Nazio Batzordea” laguntzea, landa guneetan bereziki, zailak iristeko eta baliabide gutxiagokoak. Egitasmo hauek tokian tokiko osasun langileakaz lankidetzan egiten dira, emaginakaz batez ere, bertako biztanleek onartuak eta errespetatuak baitira eta emakumeen konfiantzakoak; eta biztanleak sentsibilizatzen, osasun langileak trebatzen eta praktika horren aurka aritzen diren tokiko elkarteakaz batera gauzatzen dira. Estrategia honi esker, aritu garen lekuetan ebaketa praktikak gutxitzea lortu dugu.


Medicus Mundik, Sexu eta Ugalketa Osasuna hobetu nahian darrai Burkinan, emakumeena bereziki. Helburu horregaz, oraintsu ginekologo eta emagin bana joan dira bertara egitasmo bat martxan jartzera, osasun langileen eta bereziki emaginen prestakuntza curriculumetan eskubide eta genero ikuspuntuak jaso nahi dituena; uste dugu eragin nabarmena izango duela emakumezkoen ebaketa genitalaren aurkako borrokan.


Burkina Fason 40 urtez egindako lanagaz saiatu gara, askotan lortu ere, biztanleen osasuna hobetzen, bereziki neskena eta emakumeena. Nahiz eta geratzen zaigun egitekoa ez den gutxi, asmo garbia dugu lanari ekiteko emakumezkoen ebaketa genitala desager dadin lortu arte.


Africa Caño eta Casilda Velasco, Medicus Mundiko kideak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun