Zinegoak jaialdiaren filmik onenak ikusgai Leioan

Iker Rincon Moreno 2015ko ots. 11a, 15:47

Prentsaurrekoan aurkeztu zuten aurtengo jaialdiaren programazioa / © Zinegoak.

Bizkaiko hiriburutik igaro os­tean, maiatzaren 1era bitartean, beste hamalau udalerritara zabalduko dute Zinegoak Bilboko Gay, Lesbo, Trans Nazioarteko Zine eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren 12. edizioa. Eskualdean Leioan, Getxon eta Sopelan egongo dira emanaldiak. Horrenbestez, gaur, eguaztenaz, film labur sorta emango dute Kultur Leioako auditorioan, 20:00etatik aurrera. Bihar, ostera, "DETI 04" aurtengo Zinegoak saritutako dokumentala eta "Prinsesa" film laburra ikusgai egongo dira, toki eta ordu bertsuetan.

Otsailaren 22an eta 25ean Getxon dira hitzorduak. Aipatu domekan nerabeei zuzendutako saioa egingo dute, 18:00etan, Gauegun gaztelekuan. Hiru egun beranduago Algortako kultur etxean, Villamonten, izango da emanaldia, 20:00etatik aurrera. Ekitaldi horretarako aukeratutako film laburren artean dago Hegoak Saria irabazi duen "Pepper" lana. Eskualdeko egitarauagaz bukatuz, hilaren 26an, eguena, Sopelako Kurtzio kultur e­txe­an eskainiko dituzte hainbat film labur, 19:30ean. Sarrera doan izango da, baina hamar egun lehenago har­tu ahal izango dira gonbidapenak Kurtzion bertan.

"DETI 04" (Children 404) pelikula berbagai, aniztasuna eta giza-eskubideen saria jaso du aurtengo Zinegoak jaialdian. "Errusiako LGTB gazteen eguneroko bizitza gogorra lehenengo pertsonan eta aurrez aurre kontatzeagatik" egin dio aipamen epaimahaiak.

Bestalde, Hegoak Saria ematen duten lehenengo aldia da aurtengoa. Sexu aniztasuna, familia eta harreman eredu berriak hobeto bultzatzen di­tuen film laburrari emango zaio. Oraingoan, "Pepper"-ek jaso du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun