Bizkaiko Futbol Federakuntzak nabarmendutakoaren arabera, Kirol Kontseilu Gorenak eta Espainiako Gobernuko Enplegu eta Gizarte Segurantzaren Ministerioak "bultzatutako Enpleguaren legeria berria dela eta, klubekaz erlazionatutako pertsonak (entrenatzaileak, monitoreak, jokalariak, kolaboratzaileak,) lan kontratuak izatera eta Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean kotizatzera behartuta egongo leudeke". Ekimen hori aurrera joatekotan, "klub asko desager" litezke. Horregatik, afizionatuen futbolerako "berezko eta berariazko erregularizazioa" garatzea eskatzen du Federazioak, futbol taldeen babesaz.
Oinarri-futbolaren berezitasunak kontuan hartuko lukeen erregulaziorik ezean eta Espainiako Gobernuak darabilen legeria ezarrita, presidenteei eta Zuzendaritza Batzordeei ardura pertsonalak eskatu ahal izango litzaieke, Gizarte Segurantzari eta Ogasunari arau hausteak egiteagatik. Horrek "oinarri-futboleko taldeei zerbitzuak prestatzen dutenak gutxiestea" dakar, Bizkaiko Futbol Federakuntzaren ustez.
"Lehiaketa Profesionalen ikus-entzunezko eskubidetako komertzializazio banaketarekin ere ez gaude ados, ezta kinielen fondoen banaketa ezta futbol profesionala eta futbol afizionatuaren egiten den bereizketarekin ere", gaineratu du lurraldeko federazioak.
EAEko federazioa ere, grebaren alde
Euskadiko Futbol Federakundeak bere aldetik, argi utzi du protesta "oinarri-futbola eta arlo amateurren aldekoa" dela eta grebara jotzeko arrazoi nahiko dagoela. Izan ere, ekintzaileak babesteko 14/3013 Legearen 16. xedapen gehigarriari jarraiki, hemendik aurrera arau hori irabazi asmorik gabeko erakundeetan aplikatzea derrigorrezkoa izango da. Horren eraginez, oinarri futbolean zein kirol talde amateurretan dabiltzan begirale, entrenatzaile, futbolari eta eskupekoren bat jasotzen duen edozein kidek lan kontratua izan beharko du eta Gizarte Segurantzari kotizatu, erregimen orokorrean.
Neurria aplikatuz gero "futbol klub ugari desagertuko" delakoan, erregulazio propio eta berezitua garatzea eskatu dute.