"Goazen gudari danok..." erakusketa ikusteko azken bisita gidatua

Iker Rincon Moreno 2015ko ots. 20a, 14:15

"Goazen gudari danok..." erakusketaren irudi bat.

Eguaztenean, hilak 25, "Goazen gudari danok..." erakusketa ibiltaria ikusteko azken bisita gidatua egingo du Bilboko foru Arkeologi Museoak. “Goazen gudari danok… Askatasun bidean Zirardamendi-Aiastia (San Migel) Elgoibar, 1936 En defensa de la libertad” izen osoa du erakusketak, eta bertan frontearen gorabeheren zein 1936ko irailaren 25ean han hil ziren Arana Goiri batailoiko hamalau gudarien berri ematen du. Besteak beste Sabino Arana Fundazioak antolatutako ekimenak eskualdeko hainbat gudari ekartzen ditu gogora: Juan Agirre, Emeterio Llavori, Sabin Atutxa eta Eusebio Gaubeka. Agirre Mungian jaio zen baina Astrabuduko Udal Uri Batzarrean EAJn afiliatuta zegoen; Llavori Erandioko semea zen; eta Sabin Atutxa getxoztarraren zein Eusebio Gaubeka leioaztarraren hilotzak 2012an identifikatu zituen Aranzadi zientzia elkarteak.

Erakusketa ikusteko azken bisita euskaraz izango da, aipatu legez otsailaren 25ean, eguaztena. Arrastiko 6:00etan hasiko da, eta Iñaki Goiogana erakusketako komisarioak zuzenduko du. Leku kopurua mugatua denez, aurretik erreserba egin behar da, 944 040 990 telefonora deituz edo arkeologimuseoa@bizkaia.net helbidera mezua bidaliz.

Bilboko foru Arkeologi Museoa Mallonako eskaileretako 2. atarian dago, Metro Bilbaoko Zazpi Kaleetako geltokiaren Unamuno irteeraren gainean. Sarreren ohiko prezioa hiru eurokoa da. Halere, 26 urtetik beherakoek zein 65 urtetik gorako erretiratuek, urritasunen bat duten pertsonek, langabetuek eta 10 lagunetako taldeek erdia ordaintzen dute. Azkenik, umeek ez dute sarrera ordaindu behar, 12 urte bete arte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun