Paul Bilbaoren ustez, "erantzukizunak partekatuak dira. Arduradun politiko bakoitzak du bere ardura arlo honetan". Ildo horretan, alderdi, instituzio... arduradunakaz harreman erronda egingo du Kontseiluak, dagokien ardura eskatuz eta erantzun bateratua emateko deialdia eginez.
Kontseiluko batzarrak 2012an onartutako "Euskararen gutxienekoak zehazteko adierazpena" dokumentuak, daborduko ezarri zituen Estatuekiko izan beharreko harremanetan zeintzuk diren minimoak. Bi eskubide jasotzen dira aipatutako dokumentuan: lehena, kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza-politikarako eskubidea da; izan ere, hizkuntza-komunitateak eskubidea du bere hizkuntza normalizatzeko politika definitzeko eta garatzeko inolako kanpo esku-hartzerik gabe. Eta bigarrena, hizkuntzaren estatus egokia da (berezkoa, lehentasunezkoa, ofiziala eta ezagutu beharrekoa).
Kontseiluko Zuzendaritzak helegiteak jaso dituzten udaletako arduradunak zein Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunak oztopoen gainetik aurrera egiteko adierazi duten asmoa txalotu du. Ildo horretan, bereziki zoriondu ditu UEMAko udaletako arduradunak, aktak euskaraz bidaltzen jarraitzea erabaki dutelako. Izan ere, horrek alboko kalte ondorioak ekar ditzakeela aurreikus daitekeen arren, euskaraz bizitzeko gogoari irmotasunez heldu diotelako.
"Kontseiluak erabaki desegokiak hartzen direnean gaitzesten dituen bezala, instituzioek hartzen dituzten erabaki egokiak, hizkuntza-politika eragingarria egitea helburu dutenak, alegia, txalotu egiten dituela eta adierazi gura diegu bide horretan lanean jarraitzen baldin badute euren ondoan izango gaituztela gure babesa eta laguntza eskaintzen; izan ere, Kontseiluaren ustez, hizkuntza bat normalizatzeko beharrezkoa da gizartearen esparru guztiak inplikatzea eta ildo horretan bidea urratzeko elkarlana ezinbesteko baldintza da. Horregatik, hizkuntza politika-eragingarrirako bidean urratsak eman gura dituzten guztiei gure eskua luzatu nahi diegu", adierazi du idazkari nagusiak.
Amaitzeko, herritarrei ere dei egin die, euskaraz bizitzeko duten nahia egikaritzen jarrai dezaten eta kasu konkretu honetan gaurko deialdian parte har dezaten. Ildo horretan, epe laburrean erabakiko du Kontseiluak zein motatako erantzuna eman eta deialdien berri emango du, baina argi esan du Bilbaok "une hau erantzun bateratuak emateko garaia da, afera hau ez da soilik epaitegietan jorratzen. Inoiz baino gehiago beharrezkoa da herri gogoa aktibatzea eta erantzun bateratua ematea".