Terrorismoa goratzea leporatuta, Auzitegi Nazionalean deklaratu behar izan zenuen Nekane eta Izaro Zinkunegi kazetariakaz batera. Bi ahizpa horien kontrako akusazioa artxibatu dute, baina zure kontrako 18 hilabeteko zigor-eskaerak aurrera darrai. Zergatik zu?
Topatu.info-ko hiru kazetari izan ginen inputatuak hasiera batean, baina salbuespenezko auzitegi hartako tonbolan niri egokitu zait epaiketan proiektua eta gure jardunbidea defendatu behar izatea. Harro egingo dut, baina oso larria da kazetari bat kartzela zigorrera kondenatu nahi izatea bere lana egiteagatik.
Galdera da ea zergatik ni, ekitaldi hartaz beste medio batzuetako kazetariek ere informatu baitzuten. Zer kontatzen den baino, nork kontatzen duen hartzen da kontuan maiz, eta horrek erakusten du legeak ez duela aurpegi bera guztiontzat. Ekitaldi politiko baten inguruan informatzeagatik baino, Gazte Danbada jaialdiaren berri emateagatik auzipetu nautela esango nuke. Hiru egunez 7.000 gaztek jendartea eraldatzeko duten grina azaleratu genuen, kronikak idatziz, bideoak grabatuz, argazkiak eginez… Horrek egin zien min, ez ekitaldi politiko baten berri emateak.
Informatzea delitu bilakatu dute...
Demokraziak bermeak eskaini behar ditu herritar orok informatuta egoteko duen oinarrizko eskubidea gauzatzeko, eta horretarako bidea, besteak beste, komunikabideak eta kazetariak gara. Gure lana askatasunez egin ezin badugu, hitz egin genezake estatu demokratiko batez? Uste dut erantzuna nahiko argia dela. Kontakizun bakar bat gailendu nahi dute, istorio eta historia bakar bat kontatu. Eta, guk, herri ekimeneko beste hainbat hedabidek bezala, ez dugu lan egiten egungo sistema kapitalista heteropatriarkalak bere horretan iraun dezan.
Deklaratzera joan baino lehen, Topatuko kideek epailearen abisu bat jaso zenuten, informazioa ezabatu eta lau bideo webgunetik kentzeko agintzen zuena. Nola hartu zenuten erabaki hori?
Agindu zigutena izan zen ekitaldi politikoko edukiak ezabatzeko, egin ezean webgunea itxiko zigutela mehatxu eginez. Aginduari men egin ezean irabazteko baino galtzeko gehiago genuela ikusi genuen, eta balantza horretan proiektua arriskuan ez jartzea hobetsi genuen. Ez genuena imajinatzen da kasu egin eta gero kartzela zigorrera kondenatu nahiko gintuztela. Zoritxarrez, horrelako berriek ez gaituzte harritzen sarritan, baina oso larria da gertatu dena. Informazio jakin bat ezabatzeko exijitzea zentsura da. Ez da Espainiar Estatuko Buletin Ofizialean publikatuta egongo politikoki zuzena ez delako, baina hemen zentsura pairatzen ari gara. Ez hedabide guztiok, noski. Sistema zalantzan jartzen dugunok gaude jomugan, eta orokorrean arrain txikiak garenez, “erraza” da gure aurka egitea.
Lehenago ere itxi zuten Gaztesarea gazte proiektu komunikatiboa. Nola ikusten duzu prentsa askatasuna gaur egun?
Gatazka politikoaren aitzakiapean izugarrizko eskubide-urraketak egin dira Euskal Herrian. Komunikabideei ere tokatu zaie hori pairatzea, ongi baitakite ideologian eragiteko duten gaitasuna zenbatekoa den. Eta ez naiz ari iraganaz hitz egiten: urtebete besterik ez da igaro Auzitegi Nazionalak Iruñerriako Ateak Ireki ixteko agindua eman zuenetik.
Prentsa askatasunaz hitz egin ahalko dugu boterean daudenek onartzen dituztenean herri baten egunerokotasuna kontatu eta historia idazteko modu, kanal eta ikuskera guztiak, ez eurei interesatzen zaiena soilik. Horrek esan nahiko du mezularien (kazetarien) lana errespetatua izango dela, eta kazetari guztiek zilegitasun eta eskubide berberak izango dituztela bai lan egiterako orduan, eta baita Justiziaren aurrean ere. Mementu honetan haiek hautatzen dute nor den kazetari eta nori eman berme horiek; urrun gaude sistema demokratiko batetik.
Nola eragingo du Mozal Legeak kazetarion jardunean?
Batez ere bi kontutan eragingo du. Alde batetik, ezingo da Poliziaren irudirik publikatu, delitua izango da Polizia grabatzea eta irudi horiek sareratzea. Bestetik, Poliziak uste badu kazetari bat bere lana oztopatzen ari dela, gertakaria jazotzen ari den eremutik urruntzeko eskumena izango du. Poliziaren gehiegikeriak babesteko neurriak dira, eta horrek zigorgabetasuna elikatu besterik ez du egingo.
Imajinatu ezin direla publiko egin Mossoek Bartzelonako kaleetan herritar bat erail arte emandako jipoiaren edo Guardia Zibila Melillan emigranteen aurka gauzatzen ari den sarraskiko irudiak. Kasu horietatik hasi eta Kukutzaren eraispenean ertzain batek inguruan lasai zegoen neska gazte bati emandako ostikadaraino. Gertaera horien inguruan informatzea delitua bilakatuko du Mozal Legeak, eta jakin badakigu kontatzen ez dena ez dela existitzen.
Halere, azpimarratzekoa da errepresio egoera hori aspaldidanik pairatzen ari garela hemen. Zenbat komunikabide isilarazi nahi izan dituzte gatazka politikoaren aitzakian? Zenbat kazetari atxilotu eta espetxeratu, lan tresnak kendu, mehatxatu, jipoitu...
Espainiaren kasuan, sistemaren krisiaren ondorioz herritarrak kalera atera dira, borroka politikoaren loraldi moduko bat jazotzen ari da, eta hori oztopatzeko bideetako bat da Mozal Legea.
Charlie Hebdo aldizkari frantziarraren aurkako erasoaren harira, Espainiako Gobernua adierazpen askatasunaren alde agertu da behin eta berriro. Hala ere, zurea bezalako hainbat kasu eman dira han eta hemen. Zer duzu esateko horren aurrean?
Parisen, Rajoy presidenteak adierazpen askatasunaren aldeko fartsa bat antzeztu zuen kazetari palestinarren erailketen erantzule den Israelgo lehen ministro Netanyahu-ri eskutik oratuta. Tarte horretan, Mozal Legea diseinatu du. Eta, kongresutik metro gutxira, Espainiako Poliziak bi etxegabetzeren inguruan informatzen ari ziren bi kazetari atxilotzen ditu. Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak. Denok dakigu politikoki zuzenak izaten.