Korrika 19

Korrika noiz hasiko, beroketa lanetan dabiltza Uribe Kostan

Iker Rincon Moreno 2015ko mar. 12a, 10:40

Gero eta gutxiago geratzen da Korrika 19 Urepeletik abiatzeko. Hala, herriz herri antolatutako batzordeak daborduko beroketa lanak egiten dabiltza. Besteak beste, bariku honetan, martxoak 13, bertso-afaria egingo dute 21:00etan Algortako Kasinoan, Bertso Korrika ekimenaren baitan. Sarrerak 15 euroan salgai daude Abian eta Ajuria tabernetan. Ekaitz Larrazabal "Katxo", Imanol Uria eta Inazio Vidal ALBEko bertsolariek abestuko dute. Gorlizen, ostera, The Great Barrier taldeak kontzertua eskainiko du bihar, barikuan, Iberre plazan, 22:00etan. Aurretik, Plentzian, "Heriotza" antzezlana ikusgai egongo da Xapo antzerki taldearen eskutik, 19:00etan, Eliz plazan. Bestalde, Urepelerako autobusa ere antolatzen dabiltza. Hilaren 19an, 08:00etan abiatuko dira aipatutako Behe Nafarroako herrira, bertatik abiatuko baita euskararen aldeko lasterketa. Izena eman ahalko da AEKko euskaltegietan eta Ander Deuna ikastolan, 12 euroan.

Domekara (martxoak 15) helduta, bertso-pilota jaialdia egingo dute Leioako Sakoneta kiroldegian. Hitzordua 12:00etan jarri dute. Pilotariei dagokienez, Garcia Leiza eta Uribe arituko dira nor baino gehiago. Eta bertsotan Beñat Vidal, Paule Loizaga eta Unai Mendiburu ibiliko dira.

Egun berean, Urdulizen, Korrika azoka egongo da 12:00etatik aurrera: bertso-saioa, pintxoak, herri-kirolak, umeentzako jolasak... Antsonekoa plazan.

Hilaren 18an, eguaztena, bertso-poteoa egingo dute Itzubaltzeta / Romoko kaleetatik, 19:30ean Gure Etxea tabernatik abiatuta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun