Aski ezaguna da LOMCE erreforma ezartze prozesuan dagoela, honek dakartzan inposizio eta zapalkuntza guztiekin: nazio gisa hezkuntza eredu propio bat garatzeko ezintasuna, parekidetasunean eraikitako eredua baztertzea, merkatu eta elite ekonomikoei begirako hezkuntza prozesua ezartzea, etab. Eusko Jaurlaritzak bere partetik, HEZIBERRI plana aurkeztu du LOMCEren kontrako erreminta gisa. Hala ere, Wert ministroaren erreformaren kontra joan beharrean, LOMCEren aspektu gehienak bere horretan mantentzen ditu, eragile, elkarte eta sindikatuen aldarrikapenen kontra.
Erreforma guzti hauen inposizioen aurrean, ikasleok mobilizatzera deitzen dugu, eta horren adibide izan zen aurrera eramandako itxialdia. LOMCE eta HEZIBERRI bezalako planen aurrean kontrakotasuna adierazi eta hezkuntza eredu propio baten aldeko apustua egin genuen, goizean egindako ikasle martxan zehar erakutsi genuen bezala. Bertan, hezkuntzak gizartean betetzen duen paperaren inguruan hausnartu genuen eta parekidetasunaren oinarriak hezkuntzan nola lantzen diren eztabaidatu genuen, besteak beste.
Gure partetik esan dezakegu itxialdia oso arrakastatsua izan zela, ikasle askoren parte hartze eta inplikazioari esker. Hala ere, aurrera begira lan asko dugula aitortzen dugu, eta horregatik, borrokatzen eta gurea eraikitzen jarraitzeko deia zabaltzen dugu, hurrengo mobilizazio garrantzitsua egun gutxi barru dugularik. Izan ere, Martxoaren 18an Bilbon Bizkaiko Ikasle Eztandak mobilizazio garrantzitsua antolatuko du eta guk Uribe Kostako ikasle guztiei zabaltzen diegu deia bertan parte hartzeko.
Ikasleon borrokaren bitartez, erreforma guztiak atzera botatzea posible dela sinesten dugunean, orduan zabalduko zaigu benetako aukera gure hezkuntza eredu propioa eraikitzeko.