Korrika 19

Erandion trainerua hartu eta Barakaldorantz abiatu da Korrika, ttipi-ttapa, ttipi-ttapa...

Iker Rincon Moreno 2015ko mar. 24a, 17:35

Martxoaren 24an zeharkatuko du euskararen aldeko lasterketak Uribe Kosta.

Uribe Kostako ibilaldia amaitu du daborduko Korrikak; Erandion furgoneta apurtxo bat nahastu ostean, Korrikak herri barrurako bidea hartu du-eta...

Berriro batuta, ika-ika-ika eta ttipi-ttapa oihuek agurtu dute kaian euskahaldunen ilusioa, grina, ahalegina eta beste hamaika emozioz betetako lekukoa, Lutxana arraun taldekoek gidatutako traineruan umetxo baten eskutan Ezkerraldera igaro denean.

Uribe Kostako euskahaldunok, eskerrik asko, euripean ere, euskararen aldeko ahalegin bizi honengatik. Beste behin ere: Uribe Kostan ere, euskararen alde!

Laster, zuon guztion argazkiak ipiniko ditugu Bildumak ataleko argazki-galerian; eta horien lagin eder bat eguenean kaleratuko den HIRUKA astekarian.

Martxoaren 19an, eguenagaz, hasiera eman zioten Korrikaren 19. edizioari Urepelen (Nafarroa Behea). Arrastiko 17:00etan hartu zuten Iparraldeko AEK-ko irakasle eta irakasle ohiek lekukoa, lehenengo kilometroa egiteko. Bigarrenean, ADUR euskara elkarteko, Urepeleko Festa Komiteko, Urepeleko Herriko etxeko eta Xalbador eguna elkarteko kideek hartu zuten lekukoa, ondoren, hirugarren kilometroa heltzean Urepeleko Korrika batzordeari pasatzeko. Halaxe hasi da aurtengo Korrika; hala, lekukoa eskuz esku, kilometroz kilometro eta herriz herri dabil Bilboraino martxoaren 29an heldu arte.

Aurtengo edizioak Durangoko Azoka omendu gura du, Korrikaren mezuak dioen legez, "herri honek auzolanean eta elkarlanean lorpen handiak egin" dituelako, antolatzaileek azaldu dutenez. Azokak 50 urte beteko ditu aurten, hori dela eta, "euskalgintzaren eta euskal kulturaren bilgunea den azokari" gorazarre egingo diote.

Urepeletik Bilbora, martxoaren 19tik 29ra, hamaika egunez Korrikak Euskal Herria zeharkatuko du, gau eta egun, hamaika herri bisitatuz eta tokiko auzotarrak "euskahaldun" bihurtuz; bi mila kilometro baino gehiago egingo dituzte euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka lagunegaz korrikan, lotu barik. Aurtengo edizioak 2.166 kilometro egingo ditu, Behe Nafarroatik Bizkaira Euskal Herriko zazpi probintziak modu batera edo bestera zeharkatuz. Gurera, Uribe Kostara, 1.229. kilometroan helduko da, hilaren 24an, eta 56 kilometro egingo ditu Urduliztik Erandiora.

Aurrelan guztiaren ostean, korrika egitea dagokigu orain, euskararen alde lekukoa auzotar eta lagunen artean pasatzeko. Astez aste, Korrika Kulturalak motorrak berotu ditu Euskal Herrian, baita Uribe Kostan ere.  Eskualdean hamaika kontzertu, bertso-saio, antzerki eta bazkari egon dira; eta oraindino ere Korrika gurera heldu baino lehen, hainbat jardunaldiz gozatzeko aukera egongo da, baita euskararen aldeko lasterketa guretik igaro ostean ere: "Salam" umeentzako kale-antzerkia hilaren 22an, 12:00etan, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan edota Trikileku taldeagaz dantzaldia, eta Korrikako arropa-salmenta hilaren 28an, Sopelako Udaletxe plazan, aurrekoaren ordu berean, besteak beste.

"Euskahaldunak", Uribe Kostan

AEK-k antolatzen duen euskararen aldeko lasterketa martxoaren 24an, martitzenagaz, helduko da Uribe Kostara. Mungiatik helduko da Urdulizera 11:40ak aldera, eta Gorliz, Plentzia, Barrika, Sopela, Berango, Algorta, Itzubaltzeta / Romo, Leioa eta Erandio zeharkatuko ditu Korrikak. Arrastiko 16:00ak pasata joango zaigu Barakaldo aldera, ohi den legez, itsasadarra traineruz igarota. Hala ere, azken egunean, hilaren 29an, erandioztarrek Sondikatik hartuko dute lekukoa berriro ere, goizeko 07:00etan, San Ignazion sartuta Bilboko helmugarako bidea egiteko.

Martxoaren 29an, domekagaz, helduko da Korrika Bilbora, helmugara. Bertan, euskaldun ezagun batek Urepelen lekukoaren barruan sartutako mezua irakurriko dute, ordura arte sekretupean gordeta egongo dena. Ondoren, euskararen aldeko jaia hartuko du Bizkaiko hiriburuak, bertaratutako guztien gozamenerako.

Lehenengo Korrika, Oñatitik Bilbora

Korrikaren helburuak euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta Gau Eskolen zein euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua batzea dira. Korrikak 1980an zeharkatu zuen lehenengo aldiz Euskal Herria, Oñatitik Bilbora. Ordutik, bi urterik behin egiten den euskararen aldeko ekitaldirik jendetsuena eta garrantzitsuenetarikoa da, eta ordudanik, aurtengoagaz, 19 Korrika eta 35 urte igaro dira.

Aurreko edizioetan bezala, ehunka mila lagunek parte hartuko dute lasterketan, gure hizkuntza berreskuratzearen alde. Korrika Euskal Herriko jendartea astintzen duen gertakari bilakatu da, bi urterik behin egiten dena. Horretarako, antolaketan milaka lagun aritzen dira herriz herri eta auzoz auzo eratutako batzordeetan, kanpainak irauten duen bitartean ehunka jaialdi, kultur ekitaldi eta abar antolatuz. "Korrika-batzorderik gabe, kasu askotan ezinezkoa litzateke lan hori guztia aurrera ateratzea, laguntza eta babesa ematen digute", azaldu du Nerea Guijarrubia Uribe Kostako Korrikaren komunikazio-arduradunak. Korrikaren antolakuntzak lan handia eskatzen du: "alde batetik, kilometroak egin behar dira, eta horiek, saldu. Horrez gainera, Korrikagaz batera doazen ekimenak ere sortu behar dira herriz herri; hamaika ekimen izan dira eskualdean eta hori oso lan handia da. Kasu batzuetan, herrietan sortzen diren batzordeei esker lortzen da Korrikak dakartzan lan guztia aurrera ateratzea", gaineratu du AEK-ko kideak. Kilometroen salmenta, Korrika Kulturala, baimenen eskariak egitea, Korrika Lagunak bilatzea, kilometroak margotzea, materiala banatzea, arroparen salmenta... Lan handia pilatzen da euskararen aldeko lasterketaren atarian. Hori dena aurrera eroateko, AEK-ren eta Korrika Batzordeen arteko lankidetza beharrezkoa da kasu askotan.

Korrika Euskal Herritik kanpo

Gurean egiteaz gainera, atzerrian ere babesa adierazten diote Korrikari, berbarako, Alemanian, AEBetan, Argentinan, Frantzian, Herrialde Katalanetan eta Eskozian. Martxoaren 19an abiatu zen Korrika Euskal Herrian, baina munduko hainbat txokotan aurrerapen gisa lehen pausoak eman zituzten: Parisen martxoaren 7an eta Edinburgon martxoaren 14an, esate baterako. "Oro har, ideia sortu eta Korrikagaz harremanetan jartzen dira; materiala helarazten zaie eta haiek arduratzen dira gainerako gauza guztiez", azaldu du Guijarrubiak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun