Apirilaren 2tik 6ra bitartean, autobusek Larrabasterra eta Plentzia arteko tren-zerbitzua ordezkatuko dute; apirilaren 7tik aurrera, berriz, zerbitzua Sopelatik Plentziara mugatuko da, obrak amaitu arte. Urdulizko obra horiekaz, metroaren sareko azkeneko trenbide-pasagunea kenduko dute, trenbideko 543 metro lurperatu ondoren. Lanak egiteko 21 milioi euroko aurrekontua dute.
Autobusen maiztasuna
Trenen ordezko autobus horien maiztasuna 20 minutukoa izango da egunez; ostera, apirilaren 13tik aurrera 18 minutukoa izango da, astelehenetik barikura arte, 10:00etatik 16:00etara. Gauez, azkenik, 30 minutukoa izango da maiztasuna.
Iaz ez bezala, apirilaren 4an, zapatuagaz, ez dute gaueko zerbitzurik eskainiko. Hori horrela, autobus-zerbitzua 23:00etan amaituko dute egun horretan.
Ordezko geltokiak
Autobus horiek hartzeko geltokiak honakoak izango dira: Sopelan, Lizerre kalean, geltokiaren aurrean; Urdulizen, Aita Gotzon kaleko 23. zenbakian, BBKren ondoan, Plentziarako noranzkoan, eta Aita Gotzon kaleko 18. zenbakian, jubilatuen etxearen ondoan, Sopelarako norantzan; Plentzian, berriz, Geltoki kaleko 1. zenbakian, geltokiaren ondoan bertan; eta Larrabasterran, azkenik, apirilaren 2tik 6ra bitartean, Gatzarriñe kalean, metro-geltokiaren ondoan.
Onartutako bidaia-txartelak
Metro Bilbaon erabiltzen diren txartel guztiak erabili ahal izango dira autobus-zerbitzu horretan, betiere C tarifa gunerako baldin badira, Metro Bilbaoko iturriek jakinarazi dutenez.
Autobusetan ez da txartelik salduko. Horren ordez, Sopela eta Plentzian txarteldegiak egongo dira. Urdulizen, berriz, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (BGP) informazio-etxolaren ondoan eta jubilatuen etxearen ondoan erosi ahalko dira. Txartelak autobusean sartzean balioztatu beharko dira.
Urdulizko trenbide-pasagunea lurperatzeak 6.000 metro koadrotik gorako aisialdirako lekua sortzea ekarriko du. Horrez gainera, lurpeko geltokia eraikiko dute, «fosferito» eta guzti.