Hiru dira daborduko fracking-aren kontrako taldeak Uribe Kostan; euren helburua, ostera, herri bakoitzean talde bat sortzea da, «eskualdean mugimendu anitza eta indartsua lortzeko». Izan ere, presio hidraulikoaz baliatuz lurzoruko arrokak hautsi eta gas naturala ateratzeko teknika hori ate joka dabil gure eskualdean; Bizkaiko kostaldean zehar fracking-aren bidez gasa ustiatzeko proiektu bat dago-eta martxan, Geminis deritzona. Horrek Getxo eta Bermeo arteko 47.940 hektarea hartzen ditu.