Yallah! egitasmoaren kideek gogorarazi dutenez, 1976ko martxoaren 30ean, Palestinako gizarteak greba orokorrerako deia egin zuen "israeldar sionismoak etengabe egiten zion lur-lapurretak zirela eta". Armadak 'israeldar hiritartasuna' zuten zazpi palestinar gazte hil zituen, grebagaz bat eginez egiten ari ziren manifestazioetan. "Geroztik, martxoaren 30 hori palestinar herriaren eskubide zilegien aldarrikapen egun gisa geratu da. Urteak joan, urteak etorri, Palestinaren kolonizazioak bere horretan darrai. Egunez egun Israeldar Estatuak lurrak ebasten ditu, kanporatzen ditu bertako legezko biztanleak, koloniak eraikitzen ditu eta bertan munduko edozein bazterretik ateratako kolono sionista atzerritarrak kokatzen ditu. Jardunbide hauek nazioarteko legedia eta Giza Eskubideak urratzen dituzte", diote BDZren aldekoek.
Yallah! Euskal Herriak azpimarratu duenez, daborduko miloi erdi baino gehiago kolono daude kokaleku horietan eta "nazioarteko legediaren arabera, kokaleku guztiak dira ilegalak". Gainera, "ebatsitako hektareak 800.000 baino gehiago dira. Lurren lapurreta horrek bere horretan dirau gero eta azkarrago, eta beragaz batera, palestinar biztanleria historikoaren garbiketa etnikoa", Yallah! ekimenaren arabera.
Era berean, salatu dute Israeldar Estatuan bizi diren eta Israeldar hiritartasuna duten palestinarrek "bazterkeria pairatzen jarraitzen" dutela: "Badago antzinako herri palestinarrik aitortzarik ez duenik eta hori dela eta, aurrekonturik gabe bizi dira, beste batzuetan bere biztanleri-kopuruari dagokiona baino transferentzia txikiagoak jasotzen dituzte. Horrez gain, Israeldar Estatuak pertsona hauek hezkuntzan eta lan munduan bereizten ditu, azkenean bere bazterkeria eraginez".
Horregatik, Yallah! Euskal Herritik azaldu dutenez, gaurko egunean mundu osoan egingo diren ekimen asko (BDZ) Israeldar Estatuaren aurkako Boikot, Desinbertsio eta Zigorren kanpainagaz eta (PACBI) Israeli Boikot kultural eta akademikoa egiteko palestinar kanpainagaz lotuko da. Ekimen bi horiek palestinar gizartetik sortuak dira, eta Israeli boikot egiteko deia egiten dute, "harik eta Israelek nazioarteko legedia eta Giza Eskubideen Printzipio Orokorrak betetzen dituen arte".
Euskal Herrian hamaika ekimen, mobilizazio eta kanpaina egin dute BDZagaz bat, eta horien ustean, "gero eta gehiago gara kanpaina honegaz bat egiten dugun norbanako eta eragileak, hori jasotzen gabiltza yallah-eh.org webgunean eta gaur aurkeztu dugun bideoan atxikimendu horien lagin bat jaso dugu. Lagin bat, dauden eta etorriko diren atxikimenduen aniztasun eta zabaltasunaren erakusgarri izan nahi duena". Azkenik kanpainari atxikimendua emateko eskatu dute: "Ezin egun aproposagorik, zeuek ere zeuena eman dezazuen. Sionismorik gabeko Euskal Herria lortu arte!".