Bederatzi zerrendaburuek "ondo baino hobeto dakite udal politika zer den", jeltzaleen iritziz, horietako gehienak beren herrietako alkate direlako edo hainbat legegintzalditan zinegotzi izan direlako. Maria Isabel Landa, Imanol Landa, Arantza Etxebarria, Unai Andraka eta Javier Bilbao, beste aldi batez, beren udalerrietako alkate bihurtzeko helburuagaz aurkeztuko dira; Mari Carmen Urbieta Leioako alkateak lehenengo aldiz pasa beharko du hautestontzietako proba alkategai gisa, 2013an Eneko Arruebarrena alkatetza utzi eta berari aginte makila laga ondoren. Elixabete Uribarri eta Gontzal Hermosilla beren herrietako “alternatiba” gisa aurkeztuko dira eta “egitasmo ilusio sortzailea” aurkeztuko dute, beren herrikideakaz partekatzea gura luketena.
Sopelako alkatetza helburu
Gontzal Hermosilla Sopelako alkatetzarako hautagaiak ekitaldi hasieran adierazi zuenaren arabera, bera eta bere alderdikideen konpromisoa da "Uribe Kosta guztion artean hazi araztea, inor bidean utzi barik; hau da eskualde honegaz, norbera bere herriagaz eta osatzen duten herrikide bakoitzagaz hartzen dugun konpromisoa". Azaldu zuenez, "hileak eman ditugu lanean, batzarrak izan ditugu elkarte eta arlo guztiak jorratzen duten erakundeakaz, herri bakoitzeko auzoetan eta herrikideakaz egon gara" Uribe Kostarentzat "egiazko programak egitea helburu". Are gehiago, "guk ez dugu kerik salduko", agindu zuen. Hermosillak udalak, Aldundia, Jaurlaritza, Mankomunitatea eta erakunde eta instituzio denen arteko elkarlanaren alde berba egin zuen, "krisiaren ondorioz galdu diren enpleguak berreskuratzeko eta inguruko ekonomia dinamizatzeko, eta horrela zubiak eraiki pertsonen alde egiteko; pertsonak direlako gure izatearen arrazoia".
Sopelako alkategaiak esandako hitzak bere herrira hurbildu gura izan zituen, non EAJ oposizioan izan den azkeneko urteotan. Bere iritziz, "lau urte hauek legealdi galdua izan dira". Horregatik, alderdi jeltzaleak hurrengo legegintzaldirako duen proiektu politikoa defendatu gura izan zuen: "Ilusioz eta harrotasunez betetzen gaitu gure herrikideen beharragaz eta ekarpenakaz egindako proiektua delako; batera. Hori delako Sopela hazi arazteko modurik onena". Azaldu zuenez, alkatetzara helduko balitz, EAJk Udalean zerbitzu publikoak hobetzen jarraituko luke. "Parte-hartze erreala eta eraginkorra bultzatuko dugu; surfa herriko ekonomia suspertzeko eragile giza indartuko dugu; eraztun berde berria bultzatuko dugu eta, batez ere, Udala herritargoari hurbilduko diogu”, amaitu zuen.
Olatu jeltzalera igoz
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagaiak, bere aldetik, bertaratutako denak animatu gura izan zituen beragaz batera igo daitezen pasa den martxoan “Mundakan sortu zen ilusio olatura”. Orduan hasi baitzuen Rementeriak bere kanpaina: "Bizkaia maite dugun guztiok elkartzeko mugimendua sortzeko; denok gauza berberak batzen gaituztelako. Zenbat eta gehiago izan, orduan eta handiagoa izango baita defentsa hori, hobeto biziko garelako, oparoagoak izango garelako”. Era berean, jeltzaleei eskatu zien “kalean, etxean, lagunakaz eta lanean” esatea “EAJk Bizkaiarentzat egitasmo berria eta ilusio sortzailea duela; enpleguan eta jarduera ekonomikoan oinarritzen den egitasmoa, gizarte sarea mantentzean oinarritutako egitasmoa, baina iruzur fiskalik edo sozialik gabe eta 0,0 politikan oinarri. Zero irain, zero joko zikin".
Itxaso Atutxa BBBren presidenteak bere alderdiko hautagaien "lan egiteko gaitasuna, profesionaltasuna, konpromisoa eta apaltasuna", goratu zituen: "lantalde indartsua osatzen duzue eta zuen herrien alde lan egiteko gogo handia duzue, baina, gauza guztien gainetik, herrikideen alde egiteko gogoz zatozte". Halaber, burukide bizkaitarrak “bakoitza bere bidetik egitea” eskatu zien. Azpimarratu zuenez, "gu, jendearen arazoak konpontzeko gaude: enplegua, ekonomia, garraioa, hezkuntza... Hiritargoak konfiantza jarri du gugan eta gure hitza betetzen segitzeko ardura dugu”. Atutxak hautagaiei eta beren lan taldeei eskatu zien “indartsu eta gogotsu” segitzea. “Jakin badakit azken bide zati hau gogorra izango dela, baina gai izan behar dugu guztiok barnean daramagun ilusioa, indarra eta konpromisoa herrikideei helarazteko. Hauxe da zuen momentua; etorkizuneko Uribe Kosta eraikitzeko momentua, biharko Bizkaia eta Euskadi eraikitzeko unea”, bukatu zuen Atutxak.