Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Argiaren eta argia oinarri duten Teknologien Nazioarteko Urtea izendatu du 2015a. Hori ere aitzakia hartuta, Egizu Getxo Euskaldun elkarteak eta HIRUKA komunikazio-taldeak Argihizkiak testu laburren euskarazko literatura-lehiaketaren IV. edizioa antolatu dute, ‘fotografia’ edo ‘argazki’ berbek «argiagaz marraztea edo idaztea» baitute jatorrizko esangura. Hala, aurten ere argien eta hizkien hizkuntzakaz jolastea proposatu diete uribekostarrei. Bidelagun dituzte Leioa, Berango eta Getxoko udalak, Uribe Kostako Mankomunitatea, Berbots, Bizarra Lepoan eta Aitxu! elkarteak eta Leioako berbalagunak. Jendea euskaraz idaztera eta irakurtzera animatu gura dute, eskualdeko argazkilariak eta euren lana sustatzea eta zabaltzeagaz batera. Uribekostarrak diren edo bertan bizi diren hamar argazkilariren lan banean oinarritutako testuak idatzi beharko dituzte parte-hartzaileek. Ekarpena egin duten fotografoak honakoak dira: David Herranz, Marisol Ramirez, Luis Jauregialtzo, Ines Bermejo, Sonia Aoujil, Nerea Falagan, Marta Iraurgi, Ivan Viña, Patricia Merino eta Itsaso Bartolome.
Lehiaketan kategoria bi daude: testu labur-laburrak (160 karaktere gehienez) eta laburrak (100 hitz gehienez). Sariak 200 eurokoak izango dira. 16 urtetik gorako edonork parte har dezake, gura duen testu mota erabiliz. Lehiakideek gehienez testu bi bidali ahalko dituzte, batueraz edo euskalkiren batean. Lanak sms, whatsapp edo posta elektronikoz bidal daitezke, maiatzaren 15era arte.
Info+: Argihizkiak.com
Nora bidali: argi.hizkiak@gmail.com / 685 732 963