Lemoizko zentral nuklearraren ingurua aukeratu zuen EH Bilduk prentsaurrekoa emateko, bertan jarraitzen duelako “gure kostaldea zentral nuklearrez betetzeko nahiaren zentzugabekeriak”. Duela 40 urte, euskal gizarteak energia nuklearrari ezetza eman zion, eta “gaur egun, indar berdinarekin, fracking-ari ez esaten diogu”, aldarrikatu zuten; “alternatiba bazegoen orduan eta alternatiba badago gaur egun ere. Bizkaiko EH Bilduko hautagaiok lehenengo minututik urte hasieran aurkeztutako konpromiso energetikoak ezarriko ditugu”. Izan ere, gogorarazi zutenez, eredu “jasangarriago eta demokratiko” baten aldeko trantsizioa herrietatik ere egiten da.
Gauzak horrela, gaur egun indarrean dagoen eredu energetikoa salatu eta maiatzaren 25etik aurrera gobernatuko dituen instituzioetan energia kutsakorrak “desentxufatu” eta energia berriztagarrietarako trantsizioa abiaraziko dutela jakinarazi zuten.