Dena prest Ibilaldirako, Bilbon

Iker Rincon Moreno 2015ko mai. 29a, 12:00

Milaka lagun espero dituzte domekan Bilboko kaleetan. © IBILALDIA ELKARTEA

Domeka honetan, maiatzak 31, Bilbok hartuko du Bizkaiko ikastolen aldeko jai handia. "Harro ibili" goiburupean, ehunaka euskaltzale batuko dira hirian, egun osoko egitarauaz gozatzeko asmoz. Harrobia Lanbide Heziketako ikastola da aurtengo antolatzailea, eta bost gune edukiko ditu Ibilaldiak; lehenengoa ikastolan bertan, San Frantzisko auzoko Harrobia plazan. Ibilbideak zazpi kilometro izango ditu, eta Bilboko alde zaharra eta garaikidea lotuko ditu.

Lehenengo guneak zati bi ditu, ikastolan bertan eta Mariaren Bihotza plazan. Besteak beste, Urtz eta Itziarren Semeak taldeek joko dute ikastolako gunean. Mariaren Bihotzean, ostera, auzoko taldeak izango dira protagonista, berbarako, Anaika Ara musika taldea. Bigarren gunea Miribillan egongo da, eta hantxe joko du aurtengo Ibilaldiko kanta Zea Mays talde bilbotarrak. Areatzan jarriko dute hirugarren gunea. Bertan joko dute Bilboko Udal Musika Bandak, Korrontzi taldeak, Trikiziok; Eusko Labeldun jatekoak dastatzeko lekua egongo da, rokodromoa, umeentzako puzgarriak eta abar ere egongo dira. Bestalde, Guggenheimen lekutuko dute laugarren gunea, umeak izango dira nagusi. Irrien Lagunak klubak hainbat jarduera antolatu ditu bertan, eta umeentzako erromeria ere egongo da arrastian. Azkeneko gunea Erripa izango da, eta han joko du Espaloian taldeak, eta dantza egingo dute Gaztedi eta Beti Jai Alai taldeek. Aurtengo berrikuntzen artean, Bizkaiko Ikastolen arteko Erronka-proba jokatuko da Ibilaldiaren egunean. Lau neskak eta lau mutilek osatutako hamabi taldek parte hartuko dute. Horrez gainera, ikastoletako musika-taldeek Bilborock aretoan jotzeko aukera edukiko dute egun horretan.

Garraioa

Metro Bilbaok eta Bizkaiko Garraio Partzuergoak ere babesa eman gura izan diote Ibilaldiari. Erakunde biek emandako laguntzak bosgarren gunean edukiko du eragina, bertan baitago Metro Bilbaoren eraikin nagusia. Bestalde, konboien barruan, ateen gaineko sare-mapetan jaitik gertuen dauden geltokiak adieraziko dituzten seinaleak jarriko dituzte: Moyua, Abando eta Zazpi Kaleetako geltokiek Ibilaldiaren logotipoa izango dute. Bidaien maiztasunari dagokienez, 09:30etik 14:30era eta 17:00etatik 21:00etara trenak 6 minutu eta 40 segundoan behin aterako dira Bidezabaletik. Plentziatik, berriz, 10 minututik 10 minutura aterako da trena. Gogoratu, autobusez egin behar dela Plentzia eta Sopela arteko zatia, Urdulizko trenbide-pasagunea lurperatzeko obrak egiten dabiltzalako. Ordutegiei berriro helduta, 14:30etik 17:00etara, 10 eta 20 minutukoa izango da maiztasuna, hurrenez hurren, Bidezabal eta Plentziatik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun