Sariketa horren dastatze fasea bihar hasiko da, hilak 4, eta domekara arte luzatuko da, hilak 7. Ordutegia 12:30etik 15:00etara eta 19:00etatik 20:30era izango da. Ordutegi bera erabiliko da lehiaketaren bigarren fasean ere, ekainaren 11tik 14ra jokatuko den fasean, hain zuzen ere.
"Urrezko Zotza" sariak
Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak hiru sari emango dituzte, hain zuzen ere Urrezko Zotza, Zilarrezko Zotza eta Brontzezko Zotza izenekoak. Bi kategorietan emango dituzte sariak, pintxo librearen kategorian eta osagai berezi bategaz prestatutako pintxoen kategorian; aurten osagai berezia antxoa izango da. Honako hauek izango dira hautapen irizpideak: osagaien kalitatea, prestaketa eta aurkezpena. Hamazazpigarren edizio honetan Pintxoen Establezimendurik Onenari Saria ere banatuko da; Urrezko Zotza, Zilarrezko Zotza eta Brontzezko Zotza mailetan emango da.