Pasa den urtean ekimen erraldoia egin zuen Gure Esku Dago erabakitze-eskubidearen aldeko herri-plataformak. 2014ko ekainaren 8an, Baltikoko herriak eta Via Catalana eredu hartuta, 150.000 pertsonek elkarri eman zioten eskua, Durango eta Iruñea lotzeko. Aurten jauzia eman gura du erakundeak. Horretarako, hautetsontzi handi batzuen bueltan egin gura dute erabakitzeko eskubidearen aldeko apustua.
Bai Euskarari legez
1998an ospatu zen bigarren Bai Euskarari ekitaldietan legez, aurten ere egun historikoa osatzea eta sentiaraztea da Gure Esku Dago-ren asmoa, estadioak betez, eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatu barik, eskubidea gauzatzeko pausoak emateko. Martxoan Bilbon egindako aurkezpenean, Zelai Nikolas ekimenaren bozeramaile barrikoztarrak aitortu zuenez, "ez gara jaio aldarrikatzeko. Aldarria bera baino gehiago, erabaki hori nola eta noiz gauzatu da gure erronka, eta horretara goaz". Angel Oiarbide eledunak ere argi azaldu zuen: "guri dagokigu herritarrak batzea, aldarria ariketa bihurtzeko". Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Baionan jai bana egingo dute ekainaren 21ean, "Gaurko hautetsontzia, biharko erabakia" goiburupean. Eguerdian, "oihal kateak" egingo dituzte hiriburuetan. Bilboko Uribitarte ibilbidean, Zubizuri eta udaletxeko zubiaren arteko tartean, batu egingo dituzte Leioan, Berangon, Algortan, Urizarren, Astrabuduan, Gorlizen, Plentzian, Areetan, Larrabasterran edota Urdulizen azken asteotan jositako oihalak, "borondateen elkartzea» eta «zubiak eraikitzeko" asmoa irudikatzeko. Ordu erdiko ekitaldia oso jendetsua izatea espero dute.
San Mames Barria
Euskal Herri osoan komuna izango den oihal kateen ostean, beren-beregiko egitaraua izango du hiriburu bakoitzak. Bilbon, San Mames Barria futbol-zelaia izango da ekitaldi nagusirako jokalekua: 50.000 parte-hartzaile baino gehiago izateko erronka zabaldu du Gure Esku Dagok. Ehunka hiritar lanean dabiltza Uribe Kostan eta Bizkaiko gainerako eskualdeetan jende-kopuru hori elkartzeko. Katedraleko ateak 16:30ean zabalduko dira, eta barrua "sorpresaz beterik" egongo dela iragarri dute. Ez da leku bakarra izango: Nafarroako hiriburuan, zezen-plazan egingo dute ekitaldia, eta sanferminekin alderatu dute; Gasteizen, Buesa Arena betetzea zen helburua, baina ez dute azpiegitura hori izango, eta hainbat plazatan egingo dituzte ekitaldiak; Donostian, Anoeta futbol-zelaia «borondateen eztanda» bilakatu nahi dute; eta Baionan errugbi-zelain izango da. Arrastiko ekitaldi denak 17:30ean hasiko dira. Horren ostean, gure kasuan, San Mamesen ateak berriro itxi eta argiak amatatzean, egitaraua ez da amaituko, Areatzan izango da jaia.
Alderdikeria barik
Gogoratu dutenez, alderdi politiko bakoitzaren "estrategia eta interesetatik harago" jokatzen du Gure Esku Dago-k. Halere, horiek ere kontuan hartzen ditu, ekainaren 21ean «herritarren borondateak» elkartu ahal izateko. Izan ere, hilabeteak eman ditu Gure Esku Dago-k harremanak ehuntzen, eta jostun-lan horiek osatuko dituzte hiriburuetan erabakitze-eskubidea praktikara eroatea sinbolizatzen duten hautetsontzi erraldoiek: "Erabaki nahi duen herri bat elkarlanean jartzea lortuz gero, bidearen erdia egina" izango dela adierazi dute herri-ekimeneko kideek. Iaz legez, pertsona ezagun askok parte hartu du Uribe Kostan Gure Esku Dago-k antolatutako ekimenetan, berbarako: Iñaki Zarraoa Getxoko alkate ohia, Ana Crespo Erandioko EH Bilduren alkategaia, Laura Mintegi idazlea, Jone Aranguren pilotaria, Egoitz Laka Metro Bilbaoko Enpresa Batzordeko presidentea eta Juan Antonio Arieta-Araunabeña legebiltzarkide jeltzaleak.
Sostenguak
Halere, iaz Ahal Dugu-k egin legez, aurten hainbat eragile politikok babesa eskaini diote ekimenari. Martitzenean, EAJk eta ELAk deialdi bana egin zuten ekitaldietara joateko. Koldo Mediavilla erakundeen arteko harremanetarako EAJren EBBko arduradun algortarrak Info7 irratian egin zuen berba. Herritarrei Gure Esku Dago-k antolatutako ekimenetan parte har dezaten eskatu zien, «ez bakarrik aldarrikatzera oinarrizko eskubide bat dela, baizik eta erabakitzeko eskubidea guri dagokigun eskubide demokratiko bat dela». Mediavillak ziurtatu zuen eskubide hori noiz edo noiz onartuko dela, «ez baita bakarrik nazionalisten eskubidea; guztion eskubidea da». ELAk txalotu zituen antolatutako ekimenak. Oraingoz, EH Bilduk eta LABek ere atxikimendua eskaini diote estadioen eta plazen erronkari. Zelai Nikolasek eskertu ditu babesak, eta gogoratu du politikariek "modu pertsonalean" parte har dezaketela.
Txartelak eskuratzeko tokiak
Areeta
Ekainaren 13an, zapatua
12:30 Sarrerak salgai, Kaian.
Ekainaren 14an, domeka
12:30 Sarrerak salgai, Adiskidetasuna kalean.
Algorta
Ekainaren 13an eta 14an
12:00-14:00 Telletxen eta ikastolan (zapatuan bakarrik).
Ekainaren 16ra arte
Kantxa Kirolak, Tab. Berrin.
Ekainak 15 eta 16
18:00-20:00 Telletxen.
Berango
Ekainaren 14an
Goizean Txakolin egunean.
Ekainaren 16ra arte
Sarrerak salgai, Txokoa tabernan.
Erandio
Ekainaren 16ra arte
Sarrerak salgai, Astrabuduko Jenaro eta Altzagako La Plaza tabernetan.
Gorliz
Ekainaren 16ra arte
Sarrerak salgai, Jubilatuen tabernan eta Arai Hori aseguru-etxean.
Ekainaren 16an, martitzena
19:00 Sarrerak salgai, Sertutxenan.
Itzubaltzeta/Romo
Ekainaren 13an eta 14an
12:30 La Mona tabernan.
Leioa
Ekainaren 13an, zapatua
Goizean, Ikea Barri plazan.
Ekainaren 15ean
18:00-21:00 Sabino Arana, 65; lonja.
Lemoiz
Ekainaren 16ra arte
Sarrerak salgai, Andraka, Amaterra eta Arrantzale tabernetan, Batzokian eta Pamitxa okindegian.
Plentzia
Ekainaren 16ra arte
Sarrerak salgai, La Kalan, Batelan eta Jai Alaiko tabernan.
Sopela
Ekainaren 13an eta 14an
12:00-14:00 Udaletxe plazan
Ekainaren 16ra arte
Sarrerak salgai, Fotos Xabierren eta Laubide pintura-dendan.
Urduliz
Ekainaren 16ra arte
Sarrerak salgai, Txiberri eta herriko tabernetan, eta Harroin fruta-dendan.
Bilboko egitaraua
Ekainaren 21a, domeka
- 11:30 Nor bere lekura, uribekostarrak: Zubizuri eta udaletxeko zubien artean, Uribitarte ibilbidean.
- 12:00 Oihal Katearen hasiera.
- 12:30 Oihal Katearen amaiera.
- Eguerdian, Jolastokia gunean, umeentzako puzgarriak eta tailerrak, eta kale animazioa.
- 13:00 Bertso-saioa, Jantokia gunean: Fredi Paia, Arkaitz Estiballes, Onintza Enbeita eta Etxahun Lekue. Gai-jartzailea: Maite Berriozabal.
- 13:00 Erromeria Trikiziogaz, Jai gunean.
- Bazkalorduan, jateko lekua egongo da Jantokia gunean: txahal errea, bokatak, saiheskiak, edariak…
- 14:30 Kontzertua Kheraugaz, Jantokia gunean.
- 16:30 San Mames Barriako ateen irekiera.
- 17:30 Ekitaldi nagusia, San Mames Barrian.
- 20:30 Erromeria Oxabigaz, Areatzan. Gonbidatu bereziak: Francis (Doctor Deseo), Alex Sardui (Gatibu), Ibon Altuna (Itziarren Semeak), Miren Amuriza, Mikel Martinez eta Patxo Telleria, dantzariak, magoak, eta abar, eta abar.