Agirian alderdi biek onartzen dute udal eta foru hauteskundeetan "aniztasuna agerian utzi duen ordezkaritza mapa" osatu dela eta, "salbuespenak salbuespen", alderdi bakarrak ere ez duela gobernatzeko gehiengo absoluturik lortu. "Zatiketa politiko hau ez da berria gure artean, Euskadin etengabe adierazia izan delako lehen hauteskunde demokratikoak egin zirenetik eta gaur arte", adierazi dutenez. Horregatik, "elkarrizketan eta akordioan oinarritutako kultur politika" aldarrikatu dute.
Halere, alde txarra ere ikusi diote egungo egoerari: "ondorio kaltegarri modura, alderdien arteko zatiketa horrek zera ekarri digu: ziurgabetasuna eta, une batzuetan, Euskadin toki esparruko, herrialdeetako eta erkidego mailako nolabaiteko oreka ezegonkorra. Une honetan bizi ditugun denboretan, zeinetan milaka familia gogor kolpatu dituen eta gure gizartearen sektore zabalak langabeziara kondenatu dituen krisi ekonomiko latzaren joera aldatu ahal delako lehen zantzuak antzeman daitezkeen, erantzukizun politikoak eta hautestontzietan nagusitasunez adierazitako borondateak derrigortzen gaitu akordio zabalaren, elkarrizketa eta konpromiso partekatuaren formula berreskuratzera, aldi berrirako ateak zabal ditzagun".
Testuinguru horretan kokatu dute Euzko Alderdi Jeltzalearen eta Euskadiko Alderdi Sozialista-Euzkadiko Ezkerraren arteko hitzarmena, "udal eta foru erakunde indartsuak bultzatzeko eta babesteko". Haien helburua litzateke "krisialdi ekonomikoa gainditzeko aukerari erabakimenez" ekitea eta "enpleguaren pultsua, hazkundea eta euskal hiritargoaren ongizatea berreskuratzeko lana" egitea.
Udalak
Hitzarmenak hiru puntu zehazten ditu udalei dagokienez:
- 3.1. Zerrendarik bozkatuena PSE-EErena edo EAJrena denean, beste alderdiko zinegotziek ahalbidetuko dute talde horrek proposatutako hautagaia alkate aukeratua izatea. Horretarako, gutxien bozkatua den alderdiak ez du hautagaia aurkeztuko, eta boto zuria edo aldeko botoa emango du, egoeraren arabera.
- 3.2. Zerrendarik bozkatuena beste alderdi edo hauteskunde koalizioarena denean, EAJko eta PSE-EEko zinegotziek alderdi bion artean zerrenda bozkatuenaren aldeko botoa emango dute, zerrenda honek hala eskatzen duen guztietan.
- 3.3. Alderdi bion arteko elkarrekiko konpromisoa, alkatetza bere eskuetan izango duenak besteari gobernu ardurak edo legegintzaldirako akordioa eskain diezaion, eskaintza jasoko duen alderdiaren borondatearen arabera.