Gutierrezek 37 minutu eta 20 segundo behar izan zituen 26 kilometroko zirkuitua osatzeko, Sanchisek baino 49 segundo gehiago. Bere ustez, "denbora ona egin dut, nahiz eta akaburako indarrak gorde ditudan, arazotsuena zelako. Baina dena eman gura izan dudanean, zaila zen daborduko eta ezin izan da. Annaren garaipenari ezin diot bainarik jarri: hobea izan da".
Castroviejok 45,6 kilometroko zirkuituan 55 minutu eta 35 segundo eman zituen. Faboritoa zen Luis Leon Sanchez erabat mendean hartu zuen bai berak eta baita Movistarreko Gorka Izagirrek eta Jesus Herradak ere. Hortaz, podiuma osatu zuen Castroviejoren taldeak. Izagirrek 56.43 denbora egin zuen; Herradak, 57.36; eta Sanchez podiumetik 10 segundora geratu zen. Garaipena erraza izan bazen galdetuta, Castroviejok ez zuen horrelakoetan sartu gura izan: "Garaipen erraza? Hobe uztea...". Izan ere, hainbat arazo fisiko izan zuen proba abiatu aurretik: "autobusean sorbalda irten zait baina arazo barik lortu dut sartzea berriro". Argitu duenez, atzoko txapela ez zen bere helburu nagusia: "Orain dela urte bi legez, denboraldiaren helburu nagusia Frantziako Tourra da. Espainiako Txapelketak, aste bat lehenago denez eta sasoian egonda, behartzen zaitu horretaz baliatzen". Orain, domekako taldekako probari begiratzen dio.