Gaur zortzi, Bizkaiko Zubia argituko dute txirrindulariek

Iker Rincon Moreno 2015ko uzt. 11a, 09:00

Bizkaiko Zubia, gauez.

Erandioko Txirrindulari Elkarteak 25 urte bete ditu. Urtemuga elkartasunez ospatzeko, Pedalkadaz Pedalkada ekimenagaz lagunduko dio Stop San Filippo Fundazioari. Datorren zapatuan izango da hori, Areeta eta Portugalete arteko Bizkaiko Zubian.

Erandioko dozenaka txirrindu­­lari batzen dituen elkartea 1990ean sortu zen. Aurten, zilarrezko urtemuga berezian, ohi­ko jarduerak mantendu dituzte: apirilean, Akarlandako BTT Erandioko Saria, eta Erandio-Erandio martxa zikloturista egin zituzten; bi aste barru, berriz, Txumaren Nazioarteko Hiru Egunak izango dira, Erandiogoikoko apaiza izan zenaren omenezko proba; eta "errespeta gaitzazu bizirik!" goiburupeko aldarrikapen-martxa zikloturista egingo dute azaroan.

Uztailaren 18an, elkartasun-festa

Ohiko kontuak baino zeozer gehiago egitea eskatzen zien gogoak. Hala erabaki zuten elkartasunari zubia jartzea, urtemuga betetzen den egunean: "zerbait berezia egiteko asmoa geneukan, data garrantzitsu hori ospatzeko", azaldu du Joseba Atxutegi Erandioko Txirrindulari Elkarteko idazkariak.

Uztailaren 18an, 200 bizikleta ipiniko ditu elkarteak Ibaizabalen gainean, Bizkaiko Zubian. Getxo, Portugalete eta Erandioko udalen babesagaz, 22:00etatik gauerdira ar­­te, zubiko 5.000 LED bonbillak isiotuko dituzte 1.200 boluntariok, pedalei eraginez. Boluntarioek bosna euro jarriko dituzte, San Filippo gaitza ikertu eta tratamenduak hobetzeko. Horrenbestez, 20 minutuko txandak egingo dituzte, zabaldu duten izen-ematean inskribatuko direnen artean. Erronkari emozioa gehitzeko, gauerdiaren ostean ja­kinaraziko dute zein alderdik eragin duen energia gehien: Uribe Kostak ala Ezkerraldeak.

Entrenatu ahal izateko-edo, goizetik txirrindulari erandioztarrek 45 minutuko spinning ikastaroak eskainiko dituzte Bizkaiko Zubiaren goiko aldean; zazpi euro ordaindu beharra egongo da ikastaroa jasotzeko. Diru hori ere Stop San Filippo Fundazioarentzat izango da. Goizeko 11:30etik hamaika ekimen izango da.

Egitaraua

11:30 Jaialdiaren irekiera, Trikitixa, Banda-doinua, Buruhandiak…

12:00-12:45 Lehen Spinning Klasea, itsasadar bietan.

12:00-14:30 PORTUGALETEN

  • Zezen mekanikoa, 7 urtetik aurrera.
  • Txirrista puzgarria 5 urtetik 12 urtera.
  • Haurrentzako puzgarriak, 4 urtetik 8 urtera.
  • Ohe elastikoak.
  • Haurtzaindegi gunea urte 1etik 4 urtera, puzgarriak eta ludoteka, minimotorrakaz.
  • Chopper zirkuitua eta pedaldun kuatrizikloak: 7 urtetik aurrera eta adingabekoak gurasoen laguntzaz.
  • 7 legoko botak, 5 bota pare, 6 urtetik aurrera.
  • Argazkia margotzeko tailerra.
  • Pilota tailerra, monitore bigaz.

12:00-14:30 AREETAN

  • Bide biko rokodromoa.
  • Mahai-futbol erraldoia.
  • Txirrista puzgarria 5 urtetik 12ra.
  • Ertainentzako puzgarriak 4 urtetik 8 urtera.
  • Ohe elastikoak.
  • Haurtzaindegi gunea urte 1etik 4 urtera, puzgarriak eta ludoteka minimotorrakaz.
  • “Pedaldun kars”-en zirkuitua: 5 urtetik aurrera.
  • 7 legodun botak, 5 bota pare, 6 urtetik aurrera.
  • Bizikleten Ginkana eta Oinarrizko Mekanika tailerra, Punta Galea Clubaren eskutik.
  • Argazkia margotzeko tailerra.
  • Txapa tailerra.
  • Ipuin tailerra, San Filipporen alde. Ume guztien artean elkartearen aldeko ipun bat idaztea eta irudiztatzea proposatzen da (ume guztien eta eskolen datuak bilduko dira, ipuina argitaratzen denean sakabanatzeko).

12:00-14:30 PIRAGUAK

12:00-14:30 Txirrindularitza Urbano Seguruaren gaineko formakuntza ikastaroa.

Euskal Energiaren Erakundea EVE, web-an izena ematea, marjina bietan

12:40-13:30 Zirkua: Compañía del Sainete. (Portugalete).

13:00-13:45 Bigarren Spinning Klasea, itsasadar bietan.

14:00-16:00 Herri-bazkaria: 1.000 pertsonentzako paella.

16:00-16:45 Hirugarren Spinning Klasea, itsasadar bietan.

17:00-17:45 Laugarren Spinning Klasea, itsasadar bietan.

17:00-20:30 AREETAN

  • Argazkia margotzeko tailerra.
  • Txapa tailerra.
  • Ipuin tailerra, San Filipporen alde. Ume guztien artean elkartearen aldeko ipuin bat idaztea eta irudiztatzea proposatzen da.

17:00-20:30 PORTUGALETEN

  • Argazkia margotzeko tailerra: ume denek haien pertsonai gogokoek bezala aurpegia margotzeko.
  • Pilota tailerra.

17:00-19:30 Piraguak.

18:00-18:45 Bosgarren Spinning Klasea, itsasadar bietan.

18:00-20:30 Txirrindularitza Urbano Seguruaren gaineko formakuntza ikastaroa.

Euskal Energiaren Erakundea EVE, web-an izena ematea, marjina bietan

19:00-19:45 Seigarren Spinning Klasea, itsasadar bietan.

19:00-20:00 ZUMBA sesioa (Areeta).

19:00-20:00 Txalaparta (Portugalete).

20:00-20:45 Zazpigarren Spinning Klasea, itsasadar bietan.

20:00-21:00 ZUMBA sesioa (Portugalete).

21:00-21:20 Zortzigarren Spinning Klasea, itsasadar bietan.

21:30-22:00 “Pedalkadaz pedalkada” aurkezpena. Ontzitxoan ekitaldia kirolari eta beste pertsona ezagunakaz.

21:30-22:00 Bederatzigarren Spinning Klasea, itsasadar bietan.

22:00-22:30 Hamargarren Spinning Klasea, itsasadar bietan.

22:30-23:00 Hamaikagarren Spinning Klasea, itsasadar bietan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun