Beraz, Bizkaiko Foru Aldundiak bere atxikimendua adierazi dio ildo horretan Iruzurraren Aurka Egiteko Batzordeak prestatu duen komunikatuari. Hau azaltzen da idazki horretan: “Argi gelditu behar da, ezbairik gabe, BEZa kontsumoa kargatzen duen zerga dela, eta ondorioz, kontsumitzaileek era horretako publizitate-kanpainak dituzten saltokietan egindako erosketa guztiak BEZari lotuta daudela, aipatutako kanpainek esaten dutena esaten dutela. Sustapen-eskaintzek, hala badagokie, deskontu bat izango dute produktuaren salneurrian, baina ez da inola ere onargarria izango dena delako erosketa hori BEZa ordaintzeko betebeharretik salbuestea saltzaileak produktuak merkeago eskaintzea erabakitzeagatik. Horrenbestez, herritarren kontzientziatzeari dagokionez aipatu dugun eragin kaltegarriaz gain, agerikoa da kanpainen esloganak ez direla egiazkoak, horrelakoak bultzatzen dituzten enpresek ez baitute inola ere saihesten ordaindu behar duten BEZa bezeroei jasanaraztea”.