Aurretik ere, maiatzean, bigarren izan zen Donostiako Zurriolan. Hala ere, Urola Kostako proban, Sanchezek finalera arte itxaron behar izan zuen irabazteko, finalerdietan Leticia Canales Peña-Txuriko sopeloztarra eta Ariane Ochoa bilbotarra aurreratu baitzitzaizkion. Baina saio erabakigarrian, Garazi Sanchezek metatu zituen puntu gehien: 13,1; Ochoak, ordea, 10,93 egin zituen; Maddi Aizpurua donostiarrak, 9; eta Leticia Canalesek laugarrena izateagaz konformatu behar izan zuen, 7,93 puntugaz. Canales izan zen maiatzeko probaren irabazlea, hala ere. Leire Fuente sopeloztarrak, berriz, ezin izan zuen Donostiako 4. postua berdindu, finaletik kanpo geratu baitzen.
Gizonezkoen artean, Andy Criere hendaiarra nagusitu zen Zarautzen, Donostian legez. Bigarren, Jatyr Berasaluce bilbotarra sailkatu zen, Hodei Collazo zarauztarraren eta Imanol Yeregui zumaiarraren aurretik. Eneko Acero algortarra bigarren kanporaketan geratu zen lehiaketatik kanpo, Donostian lortutako bigarren postutik urrun.