Gorrondatxe ikertzeagatik sari bat jasoko du gaur Austrian EHUko irakasle batek

Iker Rincon Moreno 2015ko uzt. 21a, 11:30

Aitor Payros Agirre EHUko Zientzia eta Teknologiako ikerlaria. © EHU.

Aitor Payros Leioako EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleak ICS Medal saria jasoko du gaur Austriako Graz hirian, bertan egingo den STRATI2015 Estratigrafiaren Nazioarteko 2. Kongresuko ekitaldi nagusian. Estratigrafia eta Paleontologia Saileko ikerlariak Getxoko Gorrondatxeko itsas-labarretako geruzen azterketa koordinatu du azken 10 urteotan. Payrosek HIRUKAri azaldu dionez, ikerketan antzeman zuten gertaera geologikoak kronologikoki datatzeko eta ordenatzeko nazioartean azken mende erdian erabiltzen ziren teknika ezberdinek ez zutela bat egiten Gorrondatxen aplikatzean. Erloju ezberdinen arteko aldea 3 milioi urtekoa zen, "alde nabarmenegia". Horregatik, "erlojuak sinkronizatzeko" datazio sistema zuzentzeko hainbat aldaketa proposatu zituen Payrosek koordinatutako taldeak.

2007an "Lethaia" aldizkari zientifikoan argitaratu zuten "Reassessment of the Early-Middle Eocene biomagnetochronology based on evidence from the Gorrondatxe section (Basque Country, western Pyrenees)" (Behe eta Erdi Eozenoko biomagnetokronologiaren birbalioztatzea Gorrondatxeko sekzioaren ebidentzien arabera. Euskal Herria mendebaldeko Pirinioak). Hasieran kritika gogorrak jaso bazituzten ere, urteakaz Gorrondatxeko taldearen lana mundu mailan hedatu da. Nazioarteko Estratigrafia Batzordearen ustez ikerketa hori "berebiziko ekarpen bikaina izan da estratigrafiaren eremuarentzat". Payrosek saria talde osoarena dela esan du eta baita "gure aurretik" Gorrondatxe ikertzen hasi zirenena ere. Halere, argi dauka "benetako sariduna Gorrondatxe bera" dela, "berak zeukan-eta informazio dena. Guk irakurri besterik ez dugu egin. Beste batek gauza bera egingo zukeen", aitortu du.

Hamar urteko lana

Halere, Payros "oso harro" agertu da aintzatespenagaz, "errekonozimendu profesional bat izateaz gain, poztasun pertsonal handia ere ematen didalako". "Zientzialariei Gorrondatxen eskuratutako emaitzen balioaz konbentzitzea ez zen batere lan erraza izan, seguruenik itsura sendoa zutelako 50 urte baino gehiagoz indarrean izan diren kalibraketa estandarrak eta, beraz, gure alternatiba polemikoa zelako", dio.

EHUko ikertzailea orain 10 urte hasi zen Gorrondatxeko hondartzako sekzio estratigrafikoa sakonean aztertzen. Hondartza horretako itsaslabarra, orain dela 45 edo 50 milioi urteko harri sedimentarioz osatuta dago, itsas hondoan, 1.500 metro inguruko sakoneran, pilatuta aurkitzen dena. "Ikusi genuen Gorrondatxen, harriak datatzeko, ezin zela aplikatu azken 50 urteetan erabiltzen ari zen kalibraketa estandarra. Eozenoko gertaerak ustez aldi berean gertatu zirenak eta, ondorioz, harrien maila berean aurkitu behar zirenak, Gorrondatxen geruza oso desberdinetan aurkitzen ziren, eta horrek 3 milioi urte inguruko desadostasunak eragiten zituen kalibraketa estandarrarekin. Eta arazo horren aurrean, jatorrizko lanak berrikusi genituen eta erregistro geologikoak bildu genituen beste eremu batzuetan. Horrek eraman gintuen ondorioztatzera kalibraketa estandarrak akats garrantzitsuak zituela eta Gorrondatxeko gure behaketak fidagarriak zirela", azaltzen du Payrosek. Sinesgaitza izan arren, ikertzaile bat ere ez zen hortaz konturatu 50 urte baino gehiagoan.

Aitor Payros ikerlariak azpimarratu duen bezala, dataziorako tresna fidagarriak edukitzea izugarri garrantzitsua da geologian, zientzia honetako lanetan zehatz kontrolatu behar baita harkaitzen adina. "Adibidez, hau argi ikusten da aro zehatz batean aurkitzen diren baliabide naturalen bilaketa lanetan. Era berean, Lurraren iraganeko gertaeren efektuak ere aztertzen ditu geologiak, adibidez, berotze globala, glaziazioa, meteoritoen inpaktuak, sumendien erupzioak, eta abar. Gainera, zehazten du zein izan zen eratorritako gertaeren segida, etorkizunean antzeko egoerak gertatuz gero zer gertatu daitekeen aurreikusteko helburuarekin; horretarako, jakina, ezinbestekoa da iraganeko gertaerak hurrenkera kronologiko zuzenean kokatzea, eta horretarako da beharrezkoa datazio fidagarria".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun