Getxoko XXXI. Nazioarteko Folk Jaialdian hasita, zazpi saioko kontzertu-jira bategaz luzatu gura die adio-agurra jarraitzaile minenei Oskorri taldeak. Hala, irailaren 6an, domeka, Areetako Xake plazan joko du 45 urtez Euskal Herriko folk-musikaren ikur izan den taldeak. Daborduko, sarrerak salgai daude 10 euroan, Algortako kultur etxean; bertoko arduradunek ohartarazi dutenez, “baita azkar saldu ere!”. Hortaz, sarrera barik lotu gura ez duenak hobe du ahalik eta lasterren erostea. Kontzertua 20:00etan izango da.
Oskorri euskarazko folk-musikako taldea 1972an sortu zen. Gaur arteko ibilaldi luzean, hainbat kide eta kolaborazio izan ditu taldeak, baina beti izan dira Oskorriko kide Natxo de Felipe bilbotarra, Bixente Martinez eibartarra eta Anton Latxa itzubaltzetarra.
Benito Lertxundi
Abuztuaren 22an, zapatua, Plentziako Jai Alai pilotalekuan emango du kontzertua Benito Lertxundi (Orio, 1942) abeslariak, hitzordua 21:00etan ipini dute. Daborduko sarrerak salgai daude 20 euroan, Kutxabankeko webgunean; erraz agortu ohi dira, beraz, arin ibili! Emanaldian, 2012an plazaratutako Oroimenaren oraina diskoko kantak izango dira nagusi.
Benito Lertxundi Esoain Ez Dok Amairuko kidea izan zen, eta kantautore belaunaldi bateko ezagunenen artean dago. Euskal kantagintza berriak eman duen musikaririk emankor eta beteranoenetakoa da, Euskal Herrian zein kanpoan miretsia eta laudatua. Oriotarraren abesti asko herri-kantutegiko klasiko bihurtu dira; itzulerako bidea egin dute, herri-kantutegira ere jo izan baitu Lertxundik, bereziki Zuberoakora. Gainera, Bretainia eta Irlandako doinuak izan ditu iturri nagusiak. Azken hamarkadetan kutsu intimistagoa hartu du haren musikak.