Dozena erdi lehoi uribekostar izango du Bilbao Athleticek

Iker Rincon Moreno 2015ko uzt. 22a, 19:56

Bilbao Athleticen lantaldea atzo, Lezaman. © ATHLETIC

Bilbao Athletic aurkeztu zuten atzo Lezaman. Jose Angel Ziganda "Kuko"-ren mutilak Bigarren Mailan lehiatuko dira eta San Mames izango dute aterpe. Lantalde zabalean, sei dira oraingoz uribekostarrak: Jon Ander Felipe Gonzalez atezain getxoztarra; Jon Ander Amelibia Do Naximiento atzelari getxoztarra, Amorebietatik etorria; Markel Etxebarria Mendiola atzelari erandioztarra; Iker Guarrotxena Vallejo erdilari getxoztarra, azken denboraldia Tenerifen utzia egon dena; Jorge Luis Garcia Salmon erdilari getxoztarra; eta Iker Undabarrena Martinez Gorlizko erdilaria.

Halere, atzoko aurkezpenean sei uribekostar izateak ez du esan gura denboraldia hasten denerako kopuru hori mantenduko denik. "Kuko"-ren esanetan, "lantaldea ez dago itxita. Jokalari kopuru handia dugu eta haietako baten bat irten egin beharko du". Garbiago esan zuen atzo Zigandak: "Ez dira denak kabitzen". Bere asmoa "20-21 jokalari eta bi atezain" izatea da, "Liga luzea baita eta taldea orekatuta egon dadin; guztiek joka dezaten". Geratuko diren lehoikumeen arteko lehia aurreikusten du, "uste baitut postu bakoitzeko bi jokalari oso on izango ditudala".

Dena den, entrenatzaileak arazoak izango du aurretik aukeraketa egiteko, "orain dauden jokalariakaz pozik gaudelako". Gainera, "ez nuke inoren kontrako apusturik egingo". Halabeharrez irtengo direnak ere ez ditu galdutzat ematen, Bilbao Athleticen jarraituko ez dutenak beste talde batzuei utziko dietelako eta Lezamako teknikariek horien segimendua egingo dutelako.

Guarrotxenaren eskarmentua

Aurkezpenaren aurretik, Iker Guarrotxena, Saborit eta Unai Lopezentzat berba bereziak izan zituen Zigandak: "Haiek Bigarren mailan jokatu dute daborduko. Unaik, gainera, Lehenengo Mailan jokatu du minutu dezente. Asko dute ekartzeko: hasteko eskarmentua, duten ahalmena eta abar". Dena den, bide erraza izango ez dutela argi utzi zuen "Kuko"-k: "Haientzat proba handia izango da, eta lehiakideak izango dituzte aldagelan Haiek Bilbao Athleticera heldu zirenean, ondoan zituztenak jan gura zituzten, haiek baino nagusiagoak izanda, eta orain taldekideak baina postuan arerioak direnek haiek jan gura dituzte. Polita izango da, lantaldean gazteak izan arren nortasun bizia dutelako, inoiz ez dira gelditzen, eta orain arte hazi besterik ez dute egin". Konfiantza dauka jokalari horiengan, "kalitatea hobetuko" dutelakoan. "Denentzat oso positiboa izango da".

Formakuntza helburu

Kuko Ziganda "hunkituta" agertu zen atzo taldeari emandako harreragatik. Iaztik hona "gauzak aldatu" direla, nabarmendu zuen. Play-offean egindako balentriak "ilusioa" sortzeaz gainera "ikusmina hor jarraitzen" duela ziurtatu zuen, nahiz eta helburuak iazko berberak izango diren: jokalariak heztea eta Athleticentzat jokalariak formatzea. Lehian ere helburuak izango dira, "baina ez dira garrantzitsuena", abisatu zuenez. Era berean, jokalari bakoitzari ere bere helburu pertsonalak jarriko dizkio. Izan ere, Bigarren Mailan aritzea gizonezkoei ondo etorriko zaiela uste du, "arerio denak maila altukoak izango baitira. Haietako asko Lehenengo Mailatik datoz eta bueltatzea dute helburu. Denek uste dute igo dezaketela". Gainera, "erronkari heltzeko pozik gaude, eta jokatuko dugun futbol-zelaietan jokatzeagatik ere pozik". Denboraldian borrokatuko dira, "baina baita disfrutatu ere", azaldu zuen Zigandak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun