Tropel handia
Hala, Txumaren Nazioarteko Hiru Egunek txirrindulari gaztez beteko dituzte eskualdeko errepideak gaur, zapatuan eta domekan: daborduko 32 taldek eta 200 txirrindularik eman dute izena. Haien artean dira Eugenio Sanchez valentziarra, iazko irabazlea; hainbat nazio, lurralde eta autonomiatako selekzioak: Eskozia, Aragoi, Asturias, Galizia, Nafarroa, Madril, Murtzia, Valentzia, Araba edo Katalunia, esaterako; Lyongo Sprint Evolution taldea; Gruas Sancho Punta Galea taldea; probako antolatzaile den Elkar Kirolak eskolako kadeteak; edo CAF Transport Engineering emakume-taldea.
Ibilbidea
Hiru etapako lasterketak nobedadeak izango ditu aurten. Gaur, gauez taldekako erloju kontrakoagaz hasi beharrean, errepideko etapa menditsua izango dute neska-mutilek 19:00etatik aurrera. Astrabudua-Astrabudua etapa horrek 62,25 kilometro izango ditu, Getxo, Berango, Sopela eta Erandiotik pasatuko da. Litekeena da tropela Unbe edo Arriagako aldatsetan apurtzea.
Bihar, zapatuan, taldekako erlojupekoa izango da, 17,6 kilometrokoa. Berangotik irten, eta Sopela eta Urduliz igaro ostean, Berangora bueltatuko dira.
Azken etapa Leioatik Erandiogoikora joango da, 53,4 kilometro zeharkatuz. Helmuga aproposa izan daiteke aldats gorako esprintean jokatzeko.