“ESAIT desagertu den arren, selekzioaren inguruko gaiak bizirik dirau”, laburbildu du kontua Txumai Iturria antolakuntzako kideak. Helburu hori babesteari begira jarraituko du Euskal Selekzioaren Aldeko Mendi Martxak bere aletxoa jartzen, “konbentzituta baikaude gure ekarpena, apala izanagatik, bide egokian emandakoa dela”.
Aurten, euskal kostaldea zeharkatzen dabiltza, egunero zazpi-zortzi orduko txangoak eginez, 08:00ak aldera irten, eta 17:00etan heldu. Atzo, abuztuak 1, Algortako Portu Zaharretik abiatu ziren. Afaria Plentziako Danontzat gaztetxean egin zuten, 17 kilometro ibili ostean. Gaur, domekan, martxako etaparik luzeena egin dute, 31 kilometrokoa. Besteak beste, Basorda senaiatik pasa, eta Lemoizko zentral nuklearra bisitatu dute, Bermeora ailegatu aurretik. Hurrengo egunetan, Ea, Mutriku, Zarautz, Donostia, Hondarribitik pasa ostean, Ziburun izango dute azken helmuga.