Ertzaintzak jakinarazi duenez, zenbait pertsona iruzur egiten dihardute. Gas-konpainiako langile kualifikatuen plantak egiten dituzte, biktimen etxeetara joaten dira instalazioaren eta galdararen ikuskaritza faltsua egitera, eta zerbitzu horiengatik dirua kobratzen dute, nahiz eta lanik egiten ez duten. Oro har, 50 eta 500 euro artean eskatzen dute; gehienetan, 200 euro.
Adineko pertsonak izaten dira iruzur horien biktimak. EAEko adineko pertsonak delitu-mota honen biktima izan dira, eta izaten ari dira. "Erraza da gaizkileentzat haiei iruzur egitea; izan ere, gutxi ezagutu ohi dituzte arauak eta mota honetako delituak, fisikoki ahulak izan ohi dira eta eskudirua izan ohi dute", Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak ohartarazi duenez.
Bakarrik nahiz taldean lan egiten dute iruzurgileek eta azkar egin ohi dute "lana". Amaitzean, inprimaki faltsu baten kopia erakusten diete biktimei, egin duten ustezko ikuskaritza ziurtatzeko, nolabaiteko ofizialtasuna eman nahian.
2015a hasi zenetik, mota honetako iruzurraren 13 kasu antzeman ditu EAEn Ertzaintzak. Bizkaian 7 salaketa jarri dira; bertan erregistratu dira kasu gehien. Araban 4 kasu erregistratu dira eta Gipuzkoan 2. Bizkaian, Bilbon, Getxon, Busturian, Barakaldon eta Muskizen antzeman dira kasuak. Gipuzkoan, Orion eta Irunen. Eta Araban, lau kasuak Gasteizen izan dira.
Gertakariok otsailetik ekainera izan dira, eta ez da halako iruzurren berririk eman uztailean eta abuztuan. Nolanahi ere, hurrengo hilabeteetan iruzur gehiago egingo dituztelakoan dago Ertzaintza.
Ertzaintzak zabaldutako gomendioak
Ertzaintzak adi egotea gomendatzen du, halako iruzurrak gerta ez daitezen. Komeni da gogoan hartzea gasa hornitzen duten enpresetako zerbitzu tekniko baimenduek bakarrik ikuskatu ditzaketela instalazioak (nahitaezkoa da lau urtean behin egitea) eta data ikuskapenaren eguna baino lehen jakinarazi behar dutela.
Langileek dagokien akreditazioa eraman behar dute, eta, zalantzarik izanez gero, enpresek beraiek beren bulegoetara telefonoz deitzea gomendatzen dute, ikuskaritza egitera joan direla baieztatzeko.
Galdara edo berogailuen kasuan (bi urtean behin nahitaez ikuskatu behar dira), erabiltzaileek beraiek kontratatu behar dituzte ikuskapenak, nahi duten enpresagaz, eta haiekaz adostu zein egunetan egingo duten.
Ez da ezustean agertzen diren ustezko langileei etxean sartzen utzi behar, nahiz eta enpresako jantziak eraman, edo ziur aski egiazkoa den argitu ezingo dugun ziurtagiri bat.
Iruzur bidez, eskatu ez dugun ikuskapen bat edo beharrezkoa ez den konponketa bat egiten saia daitezke edo bisita objektuak edo dirua lapurtzeko baliatu dezakete. Normalean, bikoteka lan egiten dute: batek jabearen arreta desbideratzen duen bitartean, besteak lapurreta egiten du.
Ertzaintzak adi egotea gomendatzen die herritarrei oro har eta adineko pertsonei zehazki, mota honetako delituen biktima izatea saihesteko.
Gainera, mota horretako iruzurgileak dauden susmorik izanez gero, gertuen dagoen ertzain-etxea jakinaren gainean jartzea gomendatzen da, edo SOS Deiak-en 112 telefonora deitzea.
Delituzko iruzur honen biktima izanez gero, salatzea gomendatzen da.