Martxoaren 8an hasi zuen bidea Emakumeen Mundu Martxak. Kurdistanen hasi zen karabana feminista, eta ia zazpi hilabeteren ostean, hilaren akabuan helduko da Euskal Herrira, hilaren 28an, hain zuzen ere. Martxan, "herrialde guztietako milaka emakumek munduari erakutsiko diote zer-nolako alternatiba feministak proposatzen dituzten eredu kapitalista eta heteropatriarkalaren aurrean", azaldu zuten Euskal Herriko martxaren aurkezpenean. Karabana irailaren 28an helduko da Euskal Herrira; urriaren 4an Uribe Kostatik igaroko da, Bilbora joan eta Galiziarako bidea hartu aurretik.
Portugaletetik Getxora
Emakumeen Mundu Martxa urriaren 4an helduko da Uribe Kostara, Portugaletetik Getxora, Bizkaia Zubia hartuta. Goizeko 10:30ean helduko da gurera, eta zubiaren parean egingo diote harrera eskualdeko emakumeek. Goizeko 09:00etatik egongo dira zain, bertan egingo duten gosariagaz. Ordubete beranduago, 10:00etan, etxeko langileen elkarteak euren egoera salatuko du zubitik gertu dagoen ABLE Aldi Baterako Lan Enpresaren ondoan.
Martxa heldutakoan, karabanak Areetatik ibilaldia egingo du, eta Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia plazan geldialdia egingo du bertoko eragile feministek urte osoan egindako borrokak ezagutarazteko. Gero, martxan jarraitu, eta Algortarako bidea hartuko du karabanak; 11:30ak inguru Txiki Otaegi plazan beste geldialdi bat egingo du. Bertan, Algortako eragile eta elkarte feministek ere euren borrokak eta dinamikak ikustaraziko dituzte, «modu zaratatsu eta parte-hartzaile batean egin nahi dugu hori», azaldu du Uxune Iriondo Algortako Bilgune Feministako kideak.
Eguerdiko 12:00etan, karabana itsasadarretik Bilbora joango da; 12:30ean Euskal Herriko martxa amaitu, eta Galiziarako bidea hartuko du.