Ostean, sariduna herri-bozketaz aukeratzeko epea zabaldu zen, eta irail osoan egon zen gustukoen argazkiak bozkatzeko aukera. Horrenbestez, urria hasi berri den honetan, boto gehien jaso dituen argazkia eta horren egilea ezagutarazteko ordua heldu da.
Lehenengo-lehenengo, parte-hartzaile guztiei eskerrak eman behar dizkiegu bidalitako argazki eder eta interesgarri guztiengatik, uribekostarren uda zelakoa izan den kontatzeagatik, eurena behintzat! Eskerrik asko, beraz, den-denei. Eta, zelan ez, eskerrik asko zuen bozkak eman dituzuen denei, noski!
Eta irabazlea da…
Jasotako 921 botoetatik, gehien batu dituen argazkia, 95 boto hain zuzen ere, "Hiriaren jabea" izenburukoa izan da, eta horren egilea Ibai Maguregi. Bigarren lotu da egile beraren "Balunga eguzkia hartzen" irudia, eta hirugarren, "Otsoen uhartea", Iraide Olalderena.
Sari bakarra egonda, lehenengoak eroango du; 1.000 euroko balioa duen bi nagusi eta haur batentzat mantenu erdiko astebeteko oporraldia Ohtels kateko hotel batean, behe-denboraldian, 2016ko ekainaren 30era arte, hautatutako data aukeran balego. Horrenbestez, bejondeizula, Ibai!