IV. ArgIHIzkiak literatura-lehiaketaren sariak banatuta eta erakusketa aurkeztuta

Iker Rincon Moreno 2015ko urr. 5a, 13:05

Urriaren 1ean, Kultur Leioako erakusketa-aretoan egindako ekitaldian banatu ziren ArgIHIzkiak 2015 literatura-lehiaketako sariak eta horregaz batera abiatu zen erakusketa ibiltaria. Bertan izan ziren ArgIHIzkiak 2015 sari nagusiak jaso dituzten Mikel Illarregi Elberdin (Leitza, 1959) Testu Laburrik onenaren idazlea, eta Alba Garcia Portela (Bilbo, 1988) testu labur-laburren onenaren egilea; hurrenez hurren, Leioako Barne Araubideko zinegotzi eta Euskararen Erakundeko presidente Arantxa Diaz de Jungituren eta Getxoko Kultura, Gazteria eta Euskara zinegotzi Koldo Iturberen eskutik jaso zituzten txeke-sariak. Horiez gainera, erakusketarako aukeratu diren beste testu saridun batzuen egileak ere ekitaldian izan ziren, euren irudiak utzi zituzten zenbait argazkilari zein testuak aukeratzeaz arduratu ziren epaileak ere bai.

Horrenbestez, ArgiHizkiak literatura-lehiaketako 10 argazkiak eta horietan oinarritutako euskarazko 20 testu labur onenak batzen dituen erakusketa urriaren 18ra arte bisitatu ahalko da Kultur Leioako erakusketa-aretoan (Leioa). Erakusketa bisitatzeko ordutegia: astegunetan, 10:00 - 20:00; jaiegunetan: 11:00 - 14:00 eta 17:00-20:00.

Argiaren eta berori oinarri duten Teknologien nazioarteko urtea izendatu du 2015a NBEk; han eta hemen hamaika ekimen eta ekitaldi antolatu(ko) dira horren harira aurten. Horixe, beste aitzakia bat baino ez da izan, beste behin ArgIHIzkiak lehiaketa-erakusketa antolatzeko. Izan ere, beren-beregi, bat egiten du-eta argazkietan oinarritutako testu laburren lehiaketa honen arimagaz: ‘Fotografia’ edo ‘argazki’ berbek “argiarekin marraztea edo idaztea” dute jatorrizko esangura. Horrenbestez, zuen begiradek argien eta hizkien hizkuntzakaz jolastea proposatzen dizuegu. Hala, irudien eta hizkien hizkuntzetan oinarrituta, ArgIHIzkiak literatur lehiaketa antolatu genuen apiril-maitzean; orain horren emaitza ikusarazteko ordua heldu da: proposatutako 10 argazkiak eta horietan oinarritutako euskarazko 20 testu labur onenak batzen dituen ArgIHIzkiak 2015 erakusketa martxan da.

Lehiaketa  Egizu Getxo Euskaldun elkarteak eta HIRUKA komunikazio-taldeak, Uribe Kostako hainbat udal (Leioa, Berango, Getxo; eta Makomunitatea) eta zenbait elkartegaz (Bizarra Lepoan, Berbots, Aitxu!, Leioako berbalagunak) elkarlanean antolatzen dugu argIHIzkiak.

Literatur ekimenaren helburu orokorrak hurrengoak dira: jendea euskaraz idaztera eta irakurtzera animatzea, eta Uribe Kostako argazkilariak eta euren lana sustatzea eta zabaltzea.

Laugarren ekitaldi honetarako euren argazkiak helarazi dizkiguten Uribe Kostako (edo bertan bizi diren) argazkilari  profesionalak edo zaleak hauek izan dira: David Herranz Esteban, Marisol Ramirez Fernandez, Luis Jauregialtzo, Ines Bermejo Larrañaga, Patricia Merino, Ivan Viña Alvarez, Sonia Aoujil, Nerea Falagan Martin, Marta Iraurgi Mendoza eta Itsaso Bartolome Yarza .

Lehiaketan 16 urtetik gorako edonork parte hartu ahal izan du; bi kategoria hauetan: bata, testu laburlaburra (160 karaktere gehienez) eta, bestea, laburra (100 hitz gehienez). Testuak euskara batuan edo edozein euskalkitan egon zitezkeen idatzita, eta argazkietako batean egon behar zuten oinarrituta. Edozein testu mota, hau da, prosa, olerkia, bertsoa, haikua eta abar onartu da. Testuak bidaltzeko, parte-hartzaileek sms-a, whatsapp-a edo posta elektronikoa erabili dute.

Parte-hartzea

Aurten inoiz baino testu (224) eta parte-hartzaile (184) gehiago  izan ditugu. Denera, 31 herritako parte-hartzaileak  izan dira, berbarako: Abadiño, Amorebieta, Atarrabia, Ataun, Azpeitia, Bakio, Barakaldo, Belauntza, Bergara, Bilbo (eta Deustua), Donostia, Durango, Fruiz, Gasteiz, Gatika, Leitza, Markina, Mungia, Oiartzun, Oñati, Soraluze, Usurbil... eta Venezuelakoak ere bai!

Benetan poztu gara Bizkaitik jasotakoen artean gure eskualdekoak asko izan direlako: Uribe Kostatik 166  testu jaso ditugu, eta 138 parte-hartzaile  uribekostarrak izan dira. Aipamen berezia merezi dute Uribe Kosta BHIko ikasleek; izan ere, Plentziako institutuko 100 lagunek 108 testu helarazi dituzte-eta; institutuan bertan barne lehiaketa antolatzeaz gainera. Horiez gainera, Getxo (32 testu), Sopela (9 testu), Leioa (4 testu), Erandio (3 testu), Gorliz (3 testu), Urduliz (3 testu), Berango (testu 2) eta Lemoizetik (testu 2) ere heldu dira idatziak.

Parte-hartzaileen batez besteko adina 36 urte koa izan da (gazteenak 17 urtekoak izan dira, eta 63 urteko "gazte" bat ere izan dugu). Testu gehienak labur-laburrak izan dira (%56) eta testu gehien jaso duen argazkia Marisol Ramirezen izan da.

Testuen artean, denetarik egon da: gehienak prosa, baina baita bertsoak, olerkiak eta haikuak ere.

Testuak helarazteko bitarteko erabiliena posta elektronikoa  izan da, eta oso gutxik aukeratu dituzte bestelakoak (7 whasApp, 4 sms).

Epaimahaia eta saridunak:

Testu horiek guztiak Janire Enzunza eta Ageda Galarraga euskal filologoek osatutako epaimahaiak  aztertu eta baloratu ostean, 20 testurik onenak (10 labur-labur / 10 labur) aukeratu zituzten argazkien ondoan erakusketa honetan egoteko. Horrez gainera, horietatik kategoria bakoitzeko irabazle bana izan da eta 200€ jasoko ditu.

Epaileek Testu Laburrik onenatzat jo dute Mikel Illarregi Elberdinek  (Leitza, 1959) egindakoa, eta testu labur-laburren arteko onena Alba Garcia Portelarena  (Bilbo, 1988) izan da epaileen arabera.

Erakusketan agertzeko aukeratu diren beste testuak:

  • LL: labur-laburra modalitatea / L: laburra modalitatea
  • Letra lodiz: 2 testurik onenak (sari nagusiak)
  • David Herranzen argazkia: Ander Herranz (LL) / Mikel Illarregi (L)
  • Ines Bermejoren argazkia: Mirentxu Larrañaga (LL) / Egoitz Arruti (L)
  • Itsaso Bartoloméren argazkia: Alex de Isusi (LL) / Lorea Madina (L)
  • Ivan Viñaren argazkia: Ivan Leonardo Anisimov (LL) / Olatz Sanchez (L)
  • Luis Jauregialtzoren argazkia: Miren Kareaga (LL) / Uxue Telleria (L)
  • Marisol Ramirezen argazkia: Alba Garcia (LL) / Eider Bereziartua (L)
  • Marta Iraurgiren argazkia: Olatz Sebal (LL) / Idoia Carramiñana (L)
  • Nerea Falaganen argazkia: Iñigo Bidetxea (LL) / Oier Pastor (L)
  • Patricia Merinoren argazkia: Iraia Aced (LL) / Jon Jauregi (L)
  • Sonia Aoujilen argazkia: Paul Liz (LL) / Rebeca Solaetxe (L)

Erakusketa ipiniko den DATAK ETA LEKUAK:

  • LEIOAN:  urriaren 18ra arte, Kultur Leioako erakusketa-aretoan.
  • GETXON:  azaroaren 16tik abenduaren 13ra, Villamonteko Kultur Etxean (Algorta).
  • BERANGON:  abenduaren 15etik urtarrilaren 10era, Berangoeta kultur etxean.
  • Eta Uribe Kostako beste herrietan  ere bai (datak zehazte bidean).

Argazkiak eta testuak Interneten ere agertuko dira: www.argihizkiak.com

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun