Eguaztenean abiatuko dute ATAren Uribe Kostako taldea

Iker Rincon Moreno 2015ko urr. 19a, 17:35

Pasa den aste-akabuan Topas, Zaballa eta Basauriko espetxeetara martxa egin zuten. © AMNISTIA TA ASKATASUNA

Etzi, eguaztena, lehenengo bilera egingo du Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak (Amnistia Ta Askatasuna edo ATA legez ezagunagoa) Uribe Kostan sortutako taldea. Mugimenduak zabaldu duenez, batzarra 19:00etan egingo dute Berangoko kultur etxean. Pasa den astean, aldiz, taldearen aurkezpena egin zuten leku berean, 25 lagunen aurrean.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduko bi kidek Berangon azaldu zutenez, ATAk gura du 1975ean eratu ziren lehenengo Amnistiaren Aldeko Batzordeen izpiritua berreskuratzea. Horregatik, herriz herri edo eskualdez eskualde asanbladak antolatzen dabiltza, euskal presoak kalera ateratzea eta preso berriak sor ez daitezen gutxieneko demokrazia-baldintzak sortzea helburu.

ATAko kideek onartu zuten "borroka armatuko fasea" amaitu dela eta oso kritiko agertu ziren ETAk jarduera armatua utzi eta lau urteren osteko egoeragaz: "iheslari eta militanteen egoera ez da aldatu, okerrerako ez bada". Era berean, euren ustez, "borroka armatua praktikatu zutenak bidegabe tratatzen dituzte estatuek" eta "errepresioa ugaritu da". Horregatik, amnistia lortu arte borrokatzera deitu zuten, "gatibuen askatasuna lortzeko". Proposatu zituzten bitartekoak "protestak eta mobilizazioak" dira. Horien bidez, "gatazkaren bidezko eta behin betiko konponbidera" heltzea gura dute. Eta bide horretan, ezinbesteko neurria dute "presoak etxera bueltatzea, baldintza barik".

Giza eskubideak eta amnistia

ATAko militanteetako batzuk Askatasuna erakunde ilegalizatutik datoz. Berangon azaldu zutenez, orain dela urte bi haietako batzuek prentsagatik jakin izan zuten erakunde hori disolbatu egin zela, "antza, lorpen batzuk lortu zirelako". Hainbat denbora "zain" egon ostean, eta "Guardia Zibilak bertan behera utzitako Herriraren eta Sare ekimenaren ibilbideak ezagutu ondoren", uste dute "giza eskubideetatik harago" aldarrikatu beharra dagoela: "40 urteko zigorra duten presoentzat ez dago konponbiderik. Herrietan errepresio bortitza dabil eta ez dago erantzunik edo konponbiderik". Bitartean, "gerra egitera etorritakoak" berton jarraitzen dutelako edo gatazkaren historiagatik kexu dira: "hasi beharra dago historia ondo kontatzen: barruan daudenak askatasunagaz eskuzabalak izateagatik daude hor. Herri honek ez dio inori barkamena eskatu behar. Berari eskatu beharko lioke askok".

Euren ustez, preso gaixoen edo adinez nagusien aldekoen ekimenak zein urtean behingo 100.000 lagunetako manifestazioak ondo daude, baina ez dira nahiko: "militante politikoak gara; ezin ditugu gure kideak kartzelan usteltzen utzi". Gainera, uste dute herritarren zati handi batek bat egiten duela amnistiaren aldarrikapenagaz: ez dugu uste gure herriak bere gudariak ahaztu dituenik".

ATA eta Sortu

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak 18 hilabeteko ibilbidea daroa eta daborduko Hego Euskal Herriko lau lurraldetan dago, ezagutzera eman zutenez. Ipar Euskal Herrian ere "presentzia" du. Hasieran, taldekideen adin-maila nagusiagatik kezkatuta egon baziren ere, gazteak sartzen hasi direla nabarmendu zuten. Herri mugimendutzat dute euren burua, asanblearioa, horizontala. Haien berbetan, helburu txikiena eta nagusia bat datoz: amnistia baita helburu bakarra. Horren aldeko pausoak ematearren "edonogaz lan egiteko prest gaude". Gainera, "guztiz independenteak" direla azpimarratu zuten: "ez dugu diru-laguntzarik eta alderdi bategaz ere ez gaude lotuta". Bidaideak eta presoak ere zein alderdikoak diren ez dutela begiratzen azaldu zuten. Halere, ez zuten ezkutatu aparte antolatu badira izan dela "ezker abertzalearen estrategian puntu hau egon ez dagoelako, behin betiko". Hala ere, "Danok gara ezker abertzaleko militanteak. Hortik gatoz". Era berean, ukatu zituzten Sorturen estrategiatan aldaketak eragin gura dituztela diotenen berbak: "gu gure buruaren jabe gara. Eta kitto".

Herriz herri espero dute indarrak metatzea eta kalean egonda agenda markatzea. Bide horretan, azaroaren 28an Bilbon Amnistiaren alde egingo duten nazio manifestaziora deitu zuten: "presoren bat kartzelan geratu bitartean, gatazka ez da bukatuko".

Amnistia mugimenduaren historia

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun