Irailean epaitu zituzten 19 lagunei zigor bera jarri die epaileak, desordena publikoak "adostuta" egin zituztelakoan. Iñaki Carro Kukutzako abokatuak Info7 irratian adierazi duenez, "oso arraroa" egiten zaio epaitutako gazte denak zigortu izana, baldintza oso desberdinetan egin zietelako aurre epaiketari. Hori horrela, epaiak ez duela inolako oinarri juridikorik salatu du, epaileak ez zuelako onartu ere egin istiluetako bideoak ikustea. "Egun horretan Errekalden egoteagatik soilik kondenatu dituzte, eta horrek erakusten du elkartasuna bera dela zigortu nahi dutena", azaldu du abokatuak.
Kukutzaren Elkartasun Taldeak, gainera, gogoratu du auzipetu gehienek ez zutela elkar ezagutzen atxilotu zituzten arte.
Berria egunkariak zabaldu duenez, epaiketan bertan ertzain batek adierazitakoa ekarri dute gogora elkartasun taldekoek: "Agindua atxiloketak egitea zen". Baieztapen hori "oso garrantzitsutzat" hartu zuten defentsako abokatuek, Ertzaintzak aurreko egunetan erabilitako indarkeria irudia "zuritu" nahi zutelako atxiloketen bitartez.