Stock-aren 9. azokak Euskadiko outlet handiena aurkeztu du domekara arte

Iker Rincon Moreno 2015ko aza. 6a, 17:54

Milaka lagun hurreratuko dira BEC-era. © Stock Euskadi

45.000 bisitari izango dituela eta modan, osagaietan, menajean, kirol artikuluetan, edertasunean eta aisian, besteak beste, %80 arteko beherapenak eskainiko dituzten 200 stand baino gehiago egongo direla aurreikusten da.

Stock Euskadi Azokak, bere bederatzigarren edizioan, mota guztietako artikuluetan aukera hoberenak, jatorrizko prezioarekin alderatuz %80ko beherapena lor dezaketen lehen mailako markak, eskuratu nahi dituzten kontsumitzaileak erakartzeko gune bilakatuko du berriro ere BEC. Azaroko lehen asteburuan 45.000 bisitari inguru jasotzea aurreikusten duen ekitaldia, Euskadiko outlet handiena eta bere generoan Estatu osoko garrantzitsuenetakoa bilakatu da, hartzen duen azalerarengatik eta eskaintzaren aniztasunarengatik, eta baita erakartzen duen erakusketari eta bisitari kopuruarengatik ere.

Azaroaren 6tik, barikutik, 8ra, domekara, 160 saltokik jarritako 200 stand baino gehiagok produktu aukera zabala eskainiko dute, adin guztietarako moda eta osagaiak, edertasuna eta osasuna, kirol jantziak, menajea eta etxea, osagaiak eta aisiarekin erlazionatutako beste sektore batzuk.

Partehartzaileen %65a tokiko komertzio euskalduna da. Antolatzaileen esanetan, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako merkatari eta komertzianteen parte hartzea lehenetsi dute, Euskaditik kanpoko komertzioen aurrean.

Stock Euskadi azoka urtean birritan egiten da BEC-en, martxoan eta azaroan, neguko eta udako beherapenak amaitu eta gero, saltokiek beherapen garrantzitsuak eskaini ditzaketenean denboralditik geratzen zaizkien produktuetan eta metatutako stock-etan.

Azokaren hiru egunetan, Stock Euskadik 10.000 metro karratuko azalera hartuko du Bilbao Exhibition Centreko 1. Pabiloian, eta goizeko 11:00etatik 21:00etara egongo da zabalik. Sarrerak bi euro balioko ditu, eta 14 urtetik beherakoak dohainik sartuko dira. Bertan, adin guztietara egokitutako ludoteka aurkituko dute (puzgarriak txikienentzat, bideo-jokoak nagusiagoentzat), gurasoek mota guztietako artikuluetan prezio hoberenak bilatzen dituzten bitartean.

Ekitaldia aukera bikaina da bisitarientzat –parekorik ez duten prezioak aurkitu baititzakete– eta saltokientzat, euren stock-ei irteera emateaz gain, milaka bezero potentzialen artean euren burua ezagutzera emateko aukera baitute.

Sare sozialak eta zozketak

Aurtengo edizioari begira, sare sozialen bitartez bisitariekin egiten den elkarrekintza izango da Stock Euskadi Azoka honen berrikuntza nagusia. Pantaila handi batean, erakusketariek dituzten eskaintza interesgarrienak twiteatuko dira denbora errealean. 12 metro karratuko pantaila interaktibo handia instalatuko da, eta bertan, twitak eta bertaratutako bisitarientzat interesgarriak diren iragarkiak eta ekitaldiarekin erlazionatutako irudiak eta youtubeko kanalak txandakatuko dira. Halaber, antolakuntzak hainbat eremutako youtuberrak eta bloglariak gonbidatu ditu. Azoka bisitatu eta euren erosketak egingo dituzte, eta ondoren euren ikuspegi pertsonala eskainiko dute Interneteko euren plataformetatik.

Aurreko edizioetan ohikoa izan den bezala, bertaratutako pertsona guztiek esku-diru zozketetan parte hartzeko aukera izango dute, erosketak egin ahal izateko Stock Euskadi Azoka egiten den hiru egunetan. Guztira 3.000 euro izango dira, 200 €-ko sarietan banatuta, eta hiru egunetan zozketatuko dira, bost zozketa egunean. Bertaratutako guztiek zozketa horietan parte hartzeko txartelak jasoko dituzte bertara sartzeko sarrera aurkeztean eta erosketak egitean, eta baita horretarako instalatuko den Photocall batean parte hartzen badute ere.

Alderdi solidarioa

Azpimarratu beharreko beste alderdietako bat Azokaren elkartasun ikuspegia da. Aurreko edizioan hasi zen ekimena da, Minbiziaren Aurkako Elkarte Espainiarraren Bizkaiko taldearekin izandako lankidetzaren bitartez. Ekimen horren helburua edizio bakoitzean GKE desberdin bati laguntzea da, eta oraingo honetan UNICEF, Nazio Batuen Haurrentzako Fondoa, izendatu da. Erakundeak 3.000 euro jasoko ditu, eta stand bat izango du BEC-eko atarian, bertaratzen diren guztiei, garapen bidean dauden herrialdeetan umeen alde egiten duen lanaren berri emateko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun