Izan ere, Urbietak eta Goikouriak aitortu dutenez, "asmoa da Oromeinaren Eguna ahalik eta adostasun handienagaz egitea eta, horretan oinarrituta, urterik urte aurrerapausoak ematea bizikidetzaren esparruan gure udalerrian".
Leioa eta Erandioko alkateek akordura ekarri duenez, "2013ko martxoaren 14an, EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PP talde parlamentarioek puntu bat bozkatu zuten batera, biktimen eta oroimenaren politikei buruzkoa. Hau da, azken hiru urteotan bakearen eta bizikidetzaren esparruan lortutako zeharkako adostasun bakarretakoa". Aipatu akordioak honako hau zioen: "bakea eta bizikidetza lortzeko, beharrezkoa da indarkeriaren bidegabekeria aitortzea, egindako mina onartzea eta biktimak duintzea; izan ere, biktima guztiek merezi dute egia, justizia eta konponbidea lortzeko eskubidea".
Bitartean, Imanol Landa Getxoko alkateak adierazi du ekimenak bat egiten duela "udalerriko terrorismoaren biktima guztien omenez" urtero egiten den ekitaldiagaz. "Horixe abenduaren 2an izango da, Getxon egindako lehenengo omenaldiaren data berreskuratuz", gaineratu duenez.