Atzo Lezamako aurkezpenean izan ziren Joseba Gonzalez Kirol Egokituaren Euskal Federazioko kidea, Jokin Garatea Athletic klubeko batzarkidea, Euskal Areto-futbol Federazioaren ordezkari bat eta ligan parte hartuko duten hainbat kluben jokalariak.
Gogorarazi zutenez, liga horren helburua "ezintasun intelektuala duten pertsonei futbolean jarduteko erraztasunak ematea da, egituratutako lehiaketa baten barruan, eta urritasuna duten pertsonentzat kirolaren normalizazioa bilatu eta hauen gizarteratze prozesuan lagundu, baita ezintasun intelektuala duten pertsonen aldeko elkarteek bilatzen duten aisialdi osasungarria sustatzea ere".
Kontuak hala, liga horretan hiru kategoria daude eta, denera, sei taldek hartuko dute parte. Bertan, eskualdeko Uribe Kosta elkarteaz gainera, EAE mailan urritasun intelektuala pairatzen dutenen beste elkarte garrantzitsuenak ere badaude, hala nola, Gorabide, Geu Be, Atzegi, Antigua-Luberri eta Apdema. Guztira, 150 bat jokalarik osatuko dute liga.
Lehiaketa asteburuetan jokatuko da kluben herrietan, datorren ekainera bitarte. Denboraldiaren amaieran, ordea, Kopa jokatuko da Athleticen Lezamako instalazioetan. Aurreko edizioei jarraiki, jardunaldi hori jai girokoa izango da eta parte hartzaile denek sari bana jasoko dute, egindako ahaleginagatik.