Ez da erraza ume txikientzat apropos sortu eta egokiak diren lanak topatzea. Horixe da Txiki, Txiki, Txikia festibalak betetzen duen hutsunea: sei hilabete eta 4 urte bitarteko umeak dauzkaten sendiei arte eszenikoez gozatzeko aukera eskaintzen die. Aurten, jaialdiaren bigarren edizioa egingo da; besteak beste, Getxon, Sopelan eta Leioan egongo dira saioak.
Jaialdian hiru lan taularatuko dira: "Planeta Ka", Imaginart konpainia katalanarena; "Nest", Belgikako Theater de Spiegelek antzeztua; eta "Rawums", Alemaniako Florschutz & Dohnert-ena. Azken lan horrek Berlin Ikarus saria eskuratu zuen 2008an; gazteei zuzendutako ikuskizunik apartena saritzen du horrek.
Formatu txikiko lanak dira. Hurbil-hurbiletik antzezten dituzte, eta, hala, umeek kanpoko ikusle izateari uzten diote, istorioan bertan murgiltzeko, antolatzaileek azaldu dutenez. Txikienek ulertu eta gozatu dezaten helburuagaz sortu dira; antzerkia txikitatik bizitzea eta erakargarri egitea bilatzen dute, antzerki-mundua ezagutuz gozatzeko. Txiki, Txiki, Txikia iaz sortu zuten Katalunian, El Mes Petit de Tots jaialdiaren senide txiki legez.
Egitaraua Uribe Kostan
Getxo
Azaroak 20, barikua
17:00 / 17:45 / 18:30
Planeta Ka antzezlana, Algortako kultur etxean. Testu barik. Sarrera: 3 euro.
Sopela
Azaroak 21, zapatua
12:30 / 18:00
Nest antzezlana, Kurtzio kultur etxean. Testu barik. Sarrera: 3 euro.
Leioa
Azaroak 21, zapatua
12:00 / 12:45 / 17:30 / 18:45
Planeta Ka antzezlana, Kultur Leioako entzungelan. Testu barik. Sarrera: 5 euro.
Azaroak 22, domeka
12:30 / 18:00
Rawums antzezlana, Kultur Leioako entzungelan. Testu barik. Sarrera: 5 euro.