Genero indarkeriaren aurkako ekitaldi ugari egongo da Uribe Kostan

Iker Rincon Moreno 2015ko aza. 19a, 11:15

Auzokideek amorruz hartu zuten urriaren 5ean Astrabuduan egindako hilketa.

Azaroaren 25a Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da. Hori dela-eta, herrietako udalek eta eragile feministek hainbat jarduera antolatu dituzte egun horri begira, eta Uribe Kosta eskualdea ez da salbuespena izango. Getxon, gaur, eguena, hasiko dira egun horri begirako ekimenak, "Ez gara Palestinaz ari" ikuskizunagaz: antzerki, bertso, musika eta poesia batzen dituen saioak, euskaraz. Halaber, gizontasunaren gainean hausnartuko dute; hitzordua Algortako Azebarri kultur elkartearen egoitzan izango da, 20:00etan.

Hurrengo egunean, barikuan, Itzubaltzetako Emakumeon Asanbladak poteoa abiatuko du 20:00etan Lola’s tabernatik (Txiskales). Hilaren 20an eta 21ean, emakumeei eta gizonei zuzendutako generoari buruzko tailerra egingo dute: "Genero: maskara jokoa", Itzubaltzeta/Romoko kultur aretoan. Azaroaren 22an, berriz, bideo-forum feminista egingo dute Brankan, 19:00etatik aurrera. Azaroaren 23an, astelehena, etxeko langileen baldintza eta eskubide urraketen inguruko berbaldia eskainiko du Josefina Ricok 19:00etan, Villamonteko kultur etxean. Hilaren 27an, berriz, Josune Muñozek "El Boom de la novela sentimental para jovenes" hitzaldia emango du 19:00etan Villamonteko kultur etxean; eta azaroaren 29an "La maquina del tiempo" antzezlana egongo da ikusgai.

Gizatiar Emakumeen elkarteak, berriz, elkarretaratzea antolatu du emakumeenganako indarkeriaren aurka, azaroaren 25ean, arrastiko 19:30ean, Bizkaia Zubian, eta hilaren 26an, indarkeriaren errealitatearen inguruan solasaldia egingo dute Itzubaltzeta/Romoko elizan. Bestalde, Mujeres con Voz elkarteak, antzerki-foruma antolatu du Nuria Valientegaz, hilaren 23an Faduran, eta azaroaren 28an, tailerra: "El buen amor como alternativa a la violencia". Algortako mugimendu feministak, ostera, performancea eta manifestazioa egingo dute hilaren 25ean, 19:30ean, emakumeen kontrako indarkeria salatzeko. Azkenik, egun horretan ere, manifestazioa egingo dute Itzubaltzeta/Romon, 20:00etan.

Erandio

Datorren eguaztenerako, azaroak 25, deialdi bi egin dituzte Erandion,  Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira. Lehenengoa, goizeko 12:00etan izango da, Altzagako Irailaren 23a  plazan, udaletxearen aurrean. Bertan, elkarretaratzea egingo dute, eta ondoren, udalerriko emakume-elkarteek adostutako testua irakurriko dute. Ekitaldiaren ondoren, ez dute ohiko manifestaziorik egingo. Horren ordez, Astrabudura joango dira herritarrak, 13:00etan Josu Murueta plazan indarkeria matxista salatzeko beste kale-agerraldi bat egitera. Astrabuduan ere, elkarteen testua irakurriko dute. Ekitaldien deitzaileak dira Altzagako Erandioko Emakumeen Elkarte Soziokulturala, Astrabuduko Emakumeen Elkartea, Erandiogoikoko Damatxoak eta Erandioko Udala.

Halere, Ana Tere Alvarez Altzagako emakume-elkarteko kideak iragarri duenez, institutuko ikasleak ere gehituko dira. Garrantzi handia eman dio Alvarezek aurten estreinatuko duten Astrabuduko elkarretaratzeari. Izan ere, Almudena Matarranz bertan hil zuten pasa den hilabetean.

Leire Idarraga Erandioko Berdintasun Zerbitzuko teknikariak akordura ekarri duenez, azaroan autodefentsa tailerra egin da Erandioko jabekuntza Eskolan. Era berean, iragarri du abenduaren 2an, genero ikuspegiko hiri-diagnostikoa aurkeztuko dutela  Behargintzako egoitzan, eta hurrengo egunean, zine-foruma izango dela.

Leioa

Azaroaren 25aren testuinguruan, Leioako hainbat ikastetxetako neska-mutilek ere salatu egingo dute biolentzia matxista; Udalaren Berdintasun Saila hezkuntza-zentroakaz elkarlanean dabil, hainbat ekintza aurrera eroateko. Besteak beste, Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunean bertan, leioztar denei zuzendutako kale-agerraldian parte hartuko dute Lehen Hezkuntzako 6. mailatik Batxilergoko 2. mailara arteko ikasleek. Elkarretaratzea 12:15ean izango da, Boulevarden; 600 neska-mutil inguru egotea espero dute bertoko agintariek.

Ekimenakaz jarraituz, udalerriko ikastetxe denetan egingo dute tapoi-bilketa, 2016ko maiatzaren amaierara arte; edukiontziak azaroaren lehenengo astean jarri zituzten hezkuntza-zentroetan. Batutako tapoiak diruagaz aldatuko dituzte; irabazitakoaren zati bat tratu txarrak jasotzen dituzten emakumeakaz lan egiten duen elkarteren bati emango diote, udal iturriek azaldu dutenez. Horrez gainera, puntu liladun txapak banatu dituzte ikasle eta irakasleen artean. "Emakumeenganako indarkeriaren kontrako borrokaren ikurra dira", agintari leioaztarrek adierazi dutenez.

Bestalde, "Jaia geurea, gauean ere bai" goiburua erabiliz, kartel-lehiaketa antolatu dute, Leioako hezkuntza-zentroetako Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean egiteko. Ikastetxe bakoitzak lan bi aukeratuko ditu; ikastetxe denen arteko kartel irabazlea izango da 2016ko jaietan erabiliko den eraso sexisten aurkako irudia. Halaber, irabaziko duen hezkuntza-zentroak sari bat jasoko du, tapoi-bilketan lortutako dirua erabiliz, Udalaren Berdintasun Sailak zehaztuko duen beste zenbateko bategaz.

Andrak emakumeen elkarteak, ohi duen legez, Udalagaz batera egingo du elkarretaratzea Bulevarden, eguerdiko 12:15ean. Horrez gainera, egunotan, Nuria Varelaren Feminismo para principiantes liburua euren webgunean ipintzea aurreikusi dute elkarteko lagunek.

Uribe Kostako Mankomunitatea

Azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunaren harira, hainbat ekitaldi antolatu ditu Uribe Kostako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuak; besteak beste, lagun izango dituzte denetan Emakumeen Hitza (Barrika), Itzartu (Sopela), Inola (Urduliz) eta Berangoko andrazkoen elkarteko kideak. Hasteko, zapatu honetan, azaroak 21, Uribe Kostako VII. Emakumeen Topaketa egingo dute Urdulizko Torrebarri kaleko 1. zenbakian, Emakumeen Etxean, 09:00etatik aurrera; Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak, Maria Isabel Landa Mankomunitateko presidenteak eta Javier Bilbao alkate urduliztarrak egingo dute berba. Horrez gainera, "Entre nosotras, buscando la sonoridad. Pactos entre mujeres" berbaldia eskainiko du Elo Mayo genero-berdintasunean adituak. Aurretik izena eman (berdintasuna@uribekosta.org) beharra dago.

Astelehenerako, azaroak 23, indarkeria sexistagatik hil dituzten andreei omenaldia egitera deitu du Plentziako Udalak; hitzordua 19:00etan jarri du, Goñi Portal kultur etxean. Azaroaren 25ean, berriz, Uribe Kostako Mankomunitateak zazpi kontzentrazio deitu ditu: 11:30ean, Berangon; 12:00etan, Barrikan; 12:30ean, Plentzian; 13:00etan, Gorlizen; 13:30ean, Lemoizen; 18:30ean, Urdulizen; eta 19:00etan, Sopelan. Herrietako udaletxeen aurrean batuko dira, Berangon (metro-geltoki ondoan) eta Urdulizen (kultur etxean) izan ezik. Egun berean, hainbat antzezlan eta mahai-inguru (agendan begiratu) egongo da, kontzentrazioen ostean, Barrikan, Sopelan eta Urdulizen.

Azkenik, azaroaren 26tik aurrera, zine-forumak, tailerrak, antzezlanak, ipuin-kontalaria eta autodefentsarako ikastaroa egongo dira Mankomunitatea osatzen duten udalerrietan.

Ondorengo egunetako ekitaldi batzuk

Azaroak 19, eguena

20:00 "Ez gara Palestinaz ari" ikuskizuna, Algortako Azebarri kultur elkartean. Euskaraz. Sarrera, doan.

Azaroak 20, barikua

20:00 Indarkeria matxistaren kontrako poteoa, Txiskales tabernatik, Itzubaltzetako Emakumeon Asanbladak antolatuta.

Azaroak 21, zapatua

09:00-14:00 Uribe Kostako Emakumeen VII. Topaketa, Urdulizko Emakumeen Etxean (Torrebarri, 1). Doan, aurretik izena emanda: berdintasuna@uribekosta.org

19:00 "Comicas atribuladas buscan obra" antzezlana, Berango Antzokian, helduentzat. Gaztelaniaz. Sarrera, doan.

Azaroak 22, domeka

Bideo-forum feminista, Itzubaltzeta / Romoko Branka tabernan, Itzubaltzetako Emakumeon Asanbladak antolatuta. Sarrera, doan.

Azaroak 23, astelehena

19:00 Omenaldia, indarkeria sexistagatik hil dituzten emakumeei, Plentziako Goñi Portal kultur etxean, Udalak antolatuta. Sarrera, doan.

19:00 "La violencia sexista en el ambito laboral" berbaldia, Algortako kultur etxean. Gaztelaniaz. Sarrera, doan.

19:00 "El camino Belinda" antzerki-foruma, Fadurako areto nagusian (Algorta), Mujeres con Voz elkarteak antolatuta. Gaztelaniaz. Sarrera, doan.

Azaroak 25, eguaztena

17:30 "La fuente de las mujeres" filma eta mahai-ingurua, Sopelako udaletxean. Gaztelaniaz. Sarrera, doan.

19:00 "La maquina del dueño: masculinidades" antzezlana, Urduliz kultur etxea, Plataforma Tirantek antzeztua. Gaztelaniaz. Sarrera, doan.

19:30 "Lazos que duelen: madres de hijos violentos" mahai-ingurua, Goierriko kultur etxean (Barrika). Gaztelaniaz. Sarrera, doan.

Azaroaren 25eko kontzentrazioak

Getxo

19:30 Elkarretaratzea, Areetako Bizkaiko Zubiko plazan, Gizatiar Emakumeen elkarteak deituta.

20:00 Manifestazioa, Itzubaltzeta/ Romoko Santa Eugenia plazatik abiatuta, Itzubaltzetako Emakumeon Asanbladak deituta.

Erandio

12:00 Kontzentrazioa, Altzagako Irailaren 23a plazan, udaletxearen aurrean.

13:00 Kontzentrazioa, Astrabuduko Josu Murueta plazan.

Ekitaldien deitzaileak dira Altzagako Erandioko Emakumeen Elkarte Soziokulturala, Astrabuduko Emakumeen Elkartea, Erandiogoikoko Damatxoak eta Erandioko Udala.

Leioa

12:15 Kontzentrazioa, Boulevard-ean, Leioako Udalak eta Andrak emakumeen elkarteak deituta.

Uribe Kostako Mankomunitatea

Berango

11:30 Elkarretaratzea, metro-geltokiaren ondoan.

Barrika

12:00 Elkarretaratzea, udaletxean.

Plentzia

12:30 Elkarretaratzea, udaletxean.

Gorliz

13:00 Elkarretaratzea, udaletxean.

Lemoiz

13:30 Elkarretaratzea, udaletxean.

Urduliz

18:30 Elkarretaratzea, kultur etxean.

Sopela

19:00 Elkarretaratzea, udaletxean.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun