Pasa den azaroaren 14an, EHEk iragarri zuen abiatu duen "Izan, egin eragin: Euskal Herrian Euskaraz" gogoeta prozesua, Donostian. Halaber, euskaldunon ahalduntzea helburu, biharko, euskararen egunarekin, ariketa praktikoa iragarri zuen: "Abenduaren 3an euskaraz biziko gara. Egia esan, ez gatoz ezer berria egitera, dagoeneko euskal herritar askok hautu hori egina dutelako. Aldaketak eragin nahi baditugu, praktika sumisoa gainditu, eta praktika burujabearen aldeko hautua da indartu nahi duguna".
Gainera, #EgotetikEgitera traola erabiliz, bihar euskaraz bizi direnen esperientziak eta eguneko gertaerak sare sozialetan zabaltzeko deia egin zuten. Aldaketak eragiteko, "euskaldunok iniziatiba hartu beharra dugula" erakutsi gura du eragile euskaltzaleak, baita aldaketak tamainan emateko "komunitate moduan jokatu behar dugula" zabaldu ere.
Bada, Donostiako agerraldian iragarritakoarekin bat eginez, hainbat herritan ekimenak antolatu eta zenbait lagunek ekimenean parte hartzeko konpromisoa adierazi dute: Bilbon konpromisorako orria zabaldu dute eta hainbat lagunek eman dute atxikimendua. Urruñan parte hartuko dutenakaz gaualdia ospatu zuten eta Durangon argazki mosaikoa osatu dute parte hartzaileakaz. Etxarrin traola zabaltzearekin batera, whatsapp taldea sortu eta eguneko gertaerak konpartitzeko pintxo-potea antolatu dute. Gernikan ere hainbat herritar pasako dira egotetik egitera eta Altsasun, asmo berdina duten herritarrakaz, bideoa egin dute. Iruñeko Txantrea auzoan ere konpromisoa hartu dute zenbait auzokideek, eta auzoan abian duten dinamikarekin uztartu dute.
Aipatu herrietan zein beste batzuetatik ere herritarrek bat egiten jarraitzen dute. Bide horretan, "abenduaren 3an ez ezik, egunero euskaraz bizitzeko deia egin eta euskararen alde egiteko" bultzatu gura du EHEk.