Uribe Kostak presentzia handia izango du Bizkaiko Kirol Prentsaren galan

Iker Rincon Moreno 2015ko abe. 21a, 13:33

Arenas futbol-klubaren lehen taldeko jokalariak.

Bizkaiko Kirol Prentsa Elkarteak bihar, abenduak 22, banatuko ditu urteroko sari eta ga­raikurrak. Ekitaldia Biz­kai­ko hiriburuko Gran Bilbao hotelean izango da, 22:00etatik aurrera. Hitzordua aurtengo protagonistak saritzeko eta 2016an etorriko diren garaipenen alde topa egiteko baliatu gura du kazetarien elkarte horrek. Jon Rahm barrizkoztarra, Laura Terreros getxoztarra, eta Arenas eta Jolaseta klubak izango dira protagonistetako batzuk.

Sari preziatuena Bizkaiko Kirolaririk Onenarena da, eta aurten berau irabazteko bost hautagaietako bat Jon Rahm golf-jokalari barrikoztarra da. Beste hautagaiak dira Mikel Urrutikoetxea pilotaria, Omar Fraile txirrindularia, Pablo Carrera tiratzailea eta Iker Enbeita igerilaria. Rahm, 20 urtegaz, Munduko afizionaturik onena da, eta Amerikako Estatu Batuetako zein Britania Handiko lehiaketa irekietan bere lekua izango du datorren urtean. Urrutikoetxeak Lau t’erdiko eta esku-pilota txapelketak irabazi ditu aurten. Fraile, ordea, mendi-sailkapenen buru izan da Euskal Herriko zein Espainiako biretan. Carrera Rioko Olinpiar Jokoetarako sailkatu da, eta, azkenik, Enbeitak urrezko zazpi domina lortu zituen Joko Paralinpikoetan. Gainera, beste sari asko banatuko dira. Besteak beste, Laura Terreros Raspaseko arraunlariak kirolari gazte onenaren saria jasoko du. Arenas futbol-taldea eta Jolaseta klubeko belar-hockey jokalariak ere omenduko dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun