Gabon Zaharrean eta Urte Berrian presoekiko elkartasun-ekimenak izango dira eskualdean

Iker Rincon Moreno 2015ko abe. 31a, 12:26

Erandion egindako presoen aldeko ekimen bat, artxiboko irudian. © ERANDIORA

Euskal preso eta iheslari politikoei sostengua eta babesa adierazteko hainbat ekitaldi eta mobilizazio izango dira gaur, Gabon Zahar Egunean, Uribe Kostan. Besteak beste, ekimen bana izango da Berangon, Erandion, Itzubaltzeta/Romon, Gorlizen eta Plentzian.

Erandion, Altzagako Jado kaleak "euskal preso eta iheslari politikoen aldeko brindisa" hartuko du Gabon Zaharrean, 20:00etan, "gurekin nahi ditugu" goiburupean.

Berangon, ostera, Gabon Zaharrean zein Urte Berrian mobilizatuko dira euskal gatibuen alde. Gaur, eguena, urteko azken elkarretaratzea egingo dute Gudarien enparantzan, 20:00etan, "Presoak kalera, amnistia osoa!" aldarrikatzeko. Protesta bukatzean, "preso eta errefuxiatuen aldeko brindisa" egingo dute. Barikuan, aldiz, kontzentrazioa 13:00etan egingo dute, leku berean.

Itzubaltzeta/Romon ere "Presoen aldeko brindisa" egingo dute gaur, 20:00etan, Gobelaurren. Ondoren, 00:30etik aurrera, musika, sariak eta zozketak egongo dira Brankan bertara hurbiltzen direnen gozamenerako, "Borrokarako kanten gaua" goiburupean.

Gorlizen eta Plentzian, berriz, kontzentra bi egongo dira: 19:00etan Txoko Etxen eta 19:30ean Astilleron, hurrenez hurren. Plentziako elkarretaratzean sorpresa "hunkigarri" bat egongo dela iragarri dute.

Erandioko ekimenaren kartela

 Ekimenaren kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun